Itxi

Athletic Club

1-0

Athleticek bolada txarrari amaiera eman dio Rayori irabazita

Erredakzioa

Zuri-gorriek partida kaskarra jokatu dute, baina Williamsek 61. minutuan sartutako golari esker, hiru puntuak eskuratu dituzte.

Athleticek garaipen garrantzitsua lortu du Rayo Vallecanoren aurka (1-0) San Mamesen eta bolada txarrari amaiera eman dio. Zuri-gorriak BBVA Ligako sailkapeneko seigarren postuan dago 51 punturekin eta bosgarren postuan dagoen Celtarekiko puntu bakarrera jarraitzen du; zazpigarren postuan dagoen Sevillari, aldiz, hiru puntu ateratzen dizkio.

Lehen zatia erritmo biziarekin hasi da. Athleticek izan du lehen abagunea 7. minutuan, baina Muniainen errematea ondo gelditu du Rayoko atezainak. Madrileko taldearen erantzuna jarraian etorri da, eta Iraizozek Rayo Vallecanoren gola eragotzi du Javi Guerraren jaurtiketa desbideratuta. Lehen abagune hauen ondoren jaitsi egin da partidaren erritmoa eta bi taldeetako batek ere ez du aurkariaren ate ingurura arrisku handirik eraman. Ondorioz, golik gabe iritsi da norgehiagoka atsedenaldira (0-0).

Bigarren zatiaren hasieran, abagune bi izan ditu Athleticek, baina ez Williamsek ezta Raul Garciak ere ez dute Juan Carlos atezainaren ate aurrean asmatu. Ernesto Valverde entrenatzaileak Aduriz eta Beñat zelairatu ditu 52. minutuan Susaetaren eta Mikel Ricoren ordez. 60. minutuan epaileak legez kanpo utzi du Rayoren gola, Miku jokoz kanpo egon delako. Minutu bat beranduago, Williamsek 1-0ekoa sartu du Athleticentzat; gol ikusgarria.

Zuri-gorriek gola sartu ostean, talde bisitariak berdinketaren bila jo eta abagune argiak izan ditu. Iraizozek Rayoren gola eragotzi du 71. minutuan Javi Guerraren erremateari erantzun bikaina emanda. Bi minutu beranduago Mikuren jaurtiketa oso gutxigatik kanpora joan da; 83. minutuan, aldiz, Etxeitak kale gin du baloia aldentzerakoan eta Javi Guerrak kanpora bidali du errematea. Athletic ezinean ibili da partidako azken txanpan eta estuasunak pasa dituen arren, emaitzari eusteko gai izan da. Amaieran, Athleticek eraman ditu hiru puntuak.

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic Club: Iraizoz; De Marcos, Boveda, Etxeita, Lekue; Iturraspe, Rico (Beñat, 52. min); Susaeta (Aduriz, 52. min), Raul Garcia, Muniain; eta Williams (San Jose, 63. min).

0 - Rayo Vallecano: Juan Carlos; Quini, Crespo, Ze Castro, Nacho (Embarba, 63. min); Raul Baena, Trashorras; Bebe, Pablo Hernandez, Miku (Manucho, 80. min) eta Javi Guerra.

Gola: 1-0, 61. min: Williams.

Epailea: Gil Manzano.

 

nzano.

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Athletic