Itxi

Athletic Club

Lehen jardunaldia

Hiru minutuan egindako bi golek saririk gabe utzi dute Athletic (2-1)

Agentziak | Erredakzioa

25 urte zeramatzaten zuri-gorriek Gijonen galdu barik. Duje Copek eta Victorrek egin dituzte asturiarren golak, eta Borja Viguerak bilbotarrena. Iraizozek penalti bat gelditu du.

Dude Cop kroaziarrak eta Victor Rodriguezek bigarren zatiaren hasieran egindako bi golek garaipena eman diote Sportingi Athleticen aurka jokatutako partidan. Bilbotarrek jokoa kontrolatu dute denbora luzean, baina oso aukera gutxi sortu dituzte, eta asturiarrek, aldiz, ondo aprobetxatu dituzte izan dituztenak.

Abelardok sei berritasun egin ditu hasierako hamaikakoa, eta Valverdek aurreko denboraldiko taldearen oso antzeko bat erabili du.

Athletic nagusi izan da, lehen 20 minutuetan batez ere, eta hortxe izan ditu aukerarik onenak.

Hala ere, pixkanaka-pixkanaka, asturiarrek hobera egin dute, Victor Rodriguezen eta Moi Gomezen erasoko jokoari esker.

Gauzak aldatu egin dira bigarren zatiaren hasieran, Sportingek bi gol egin baititu hiru minutuan. Amen batean, 2-0 aurreratu da Abelardoren taldea.

Iraizozek penalti bat gelditu du

Golen ondorioz, Sportingek goitik behera kontrolatu du neurketa. Burguik, Moi Gómezek, Víctor Rodríguezek eta Copek jokaldi arriskutsuak egin dituzte, eta horietako batean, Bovedak falta egin dio Burguiri area barruan, eta epaileak penaltia adierazi du. Iraizozek gelditu egin du jaurtiketa.

Athleticek saiatzen jarraitu du, eta gola egin du azkenean, Viguerak Williamsen jaurtiketa bat nahi gabe desbideratuta. Hala ere, ez da berdinketa lortzeko astirik egon.

 

Fitxa teknikoa

2.- Sporting: Cuéllar, Lillo, Jorge Meré, Amorebieta, Isma López, Sergio Álvarez (Xavi Torres, 63. min), Nacho Cases, Víctor Rodríguez, Moi Gómez, Burgui (Afif, 71. min) eta Cop (Carlos Castro, 83. min)

1.- Athletic: Iraizoz, De Marcos, Boveda, Laporte, Balenciaga, San José (Vesca, 74. min), Beñat, Williams, Raúl García (Viguera, 63. min), Susaeta  (Muniain, 55. min) eta Adúriz.

Golak: 1-0, 50. min: Cop. 2-0, 53. min: Víctor Rodríguez. 2-1, 85. min: Viguera.


t="utf-8">