Itxi

Athletic Club

0-1

Athleticek porrota jaso du Bartzelonaren aurka

A.B.

Zuri-gorriek 0-1 galdu dute San Mamesen, partida ona egin arren. Rakiticek sartu du norgehiagokako gol bakarra, 20. minutuan.

Athleticek 0-1 galdu du Bartzelonaren aurka San Mamesen, eta Ligako bigarren porrota jarraian jaso du. Ondo jokatu du talde zuri-gorriak, baina ezin izan du punturik lortu Barça on baten aurka.

Partidak erritmo bizia izan du hasieratik. Athleticek presio aurreratua egin dio Bartzelonari, eta Kataluniako taldeak estuasunak pasatu ditu baloia ateratzeko. Dena den, lehen abagunea Barçarentzat izan da; 5. minutuan, Denis Suarezek egindako jaurtiketa langa gainetik joan da kanpora. Athleticek, ordea, azkar erantzun du. Presioari esker, Beñatek baloia lapurtu du, area barruan sartu da, jaurtiketa egin du eta baloiak Ter Stegenen aurpegia jo du. Zazpi minutu geroago, zuri-gorriek beste aukera bat izan dute, baina Williamsek barnealdia egin ostean, Umtitik baloia moztu eta Adurizen errematea eragotzi du. Talde bizkaitarrak barkatu egin du, baina Bartzelonak ez. Talde katalanak kontraeraso ona antolatu du 20. minutuan, Arda Turanek erdiraketa egin, eta Rakiticek buruz bidali du baloia sare barrura (0-1). Balenziagak kale egin du markaketan. Bartzelonaren golaren ostean, norgehiagokaren erritmoa moteldu egin da, eta abagunerik gabeko minutuak ikusi dira San Mamesen. Lehen zatiko 36. minutuan, Gorka Iraizozek Barçaren bigarren gola eragotzi du, Messiren erremateari erantzun bikaina emanda. Jarraian, zuri-gorriak area kanpoko jaurtiketekin saiatu dira, baina Ter Stegenek harrapatu egin ditu Beñaten eta Adurizen erremateak. Atsedenaldira iritsi aurretik, Arda Turanek bigarren gola sartzeko abagune argia izan du, baina jaurtiketa kanpora bidali du Iraizozen aurrean bakarrik geratu ostean.

Bigarren zatian, partidaren gidoia ez da aldatu. Athleticek presio aurreratua egiten jarraitu du, eta lehen abagunea izan du langa gainetik kanpora joan den Laporteren errematearekin. Ondoren, Bartzelonak bi saiakera izan ditu: Messiren jaurtiketa bat (gutxigatik joan da kanpora) eta Luis Suarezen bolea desbideratua. 64. minutuan, talde zuri-gorriak ere izan du abagune bikoitza: Raul Garciak area kanpotik egindako jaurtiketa kanpora joan da, zutoina urratuta, eta, hurrengo jokaldian, Adurizek, Susaetak eta Williamsek jokaldi ona egin dute, baina azken honen jaurtiketa Ter Stegen atezainaren eskuetara joan da. Partida joan-etorrikoa izan da, eta Bartzelonak abagune onak izan ditu lehia erabakita uzteko. Hala ere, Messik, lehenengo, eta Luis Suarezek, gero, kale egin dute. Messiren jaurtiketa langa gainetik joan da kanpora, eta Luis Suarezek huts handia egin du Iraizozen aurrean, ate guztia berarentzat zuela errematea kanpora bota baitu. Azken minutuetan, Athleticek erasora jo du itsu-itsuan, eta berdinketa lortzeko abagune ona izan du Beñatek maisuki jaurti duen falta baten bitartez, baina baloia kanpora joan da gutxigatik. Azken minutuan, Messik eta Luis Suarezek gola sartzeko abagune itzela izan dute, baina Bovedak atepetik atera du Suarezen errematea. Amaieran, Bartzelonarentzat garaipena eta hiru puntuak.

Fitxa teknikoa:

0 - Athletic: Iraizoz; De Marcos, Boveda, Laporte, Balenziaga; Iturraspe (Vesga, 62. min), Beñat; Williams, Eraso (Raul Garcia, 62. min), Susaeta (Muniain, 76. min) eta Aduriz.

1 - Bartzelona: Ter Stegen; Sergi Roberto, Pique, Umtiti (Mascherano, 71. min), Jordi Alba; Sergio Busquets, Rakitic, Denis Suarez (Andre Gomes, 71 min); Messi, Luis Suarez eta Arda Turan (Rafinha, 84. min).

Gola: 0-1, 20. min: Rakitic.

Epailea: Mateu Lahoz.