Itxi

Athletic Club

9. jardunaldia

Athleticek aurpegia eman du, baina porrota jaso du Bernabeun (2-1)

Mikel Dominguez | eitb.eus

Zuri-gorrien lana ez da nahikoa izan Real Madrilen etxean. Moratak garaipena eman die zuriei, Sabin Merinoren golari esker lortutako berdinketa ezerezean utzita.

0:37

Athleticek Real Madrilen aurkako partida lehiatu du, baina beste porrot bat jaso du Santiago Bernabeun (2-1). Lehoiek gehiago lortzeko merituak egin dituzte partidan zehar, baina ez dute saririk izan, eta hamabi urte daramatzate zurien zelaian irabazi gabe. Zuri-gorriek aurpegia eman arren, huts egindako aukerak garesti ordaindu dituzte.

Real Madril arin jarri da aurretik, lehenengo minutuak Athleticenak izan badira ere. Taldea aurkariaren ateari begira zegoela, Williamsek egin du lehenengo jaurtiketa, zuri-gorrien jokaldi on batean.

Hala ere, Benzemak aurretik jarri du Real Madril. 6. minutuan, Marceloren erdiraketa baten ostean, Saboritek huts egin du Iscoren aurrean, eta Real Madril taldeko jokalariak ez du arazorik izan frantziarrari gola egiteko aukera emateko. Norgehiagoka zaildu egin zaio Athletici.

Golak jota utzi du Athletic, eta presio maila jaitsi du. Bitartean, Real Madril azkar mugitu da zelaian, eta Iscok eta Benzemak jokaldi arriskutsuak egin dituzte. Valverderen taldeak ez zuen arriskurik sortzen, baloia izan arren.

27.ean, gaizki aritu dira Real Madrileko atzelariak, eta Erasoren borrokak saria lortu du. Haren pasea baliatuta, Merinok ez du hutsik egin Keylor Navasen aurrean.

Athletic galduta ibili da Benzemak gola egin ostean, baina indarberrituta, animatuta eta lanerako prest jokatu du gero. Ez du hutsik egin baloiarekin, eta gola egin eta berdinketa lortu ostean, abisuak eman dizkio Real Madrili. Partida zatituta zegoen. Zuriek izan dituzte lehen zatiko azken aukerak, baina ez dute gol gehiago egiterik izan, eta berdinketarekin joan dira atsedenaldira.

Zuri-gorriak ez dira berdinketarekin konformatu, eta lan fisikoaz eta baloiari eutsiz suspertu dira. Williamsek oso aukera argia izan du 52.an, atezainaren aurrean bakarrik, baina gora bidali du baloia.

Minutuak pasatu ahala, zuriek arriskuan jarri dute Athletic. 71.ean, Cristianok kanpora bidali du Benzemaren pasea. Hurrengo jokaldian, Kovacic buruz saiatu da.

Naurketa joan-etorrikoa izan da, eta edozein izan zitekeen irabazlea. Baina azken zatian, Real Madrilek estutu egin du Athletic. Arriskua jokaldi askotan ekarri du. 77.ean, Balek ezin izan du ondo errematatu Kroosen pase bikain bat. Beste aukera argi bat etxekoentzat.

Athleticek beldurra zuen. 80. minutuan, adibidez, aldaratzez betetako jokaldi batean, gola bere atean sartzetik gertu egon da Bilboko taldea. Beste jokaldi nahasi batean heldu da Real Madrilen bigarren gola. Moratak errematatu du, Iraizoz ez da baloia urruntzeko gai izan, eta bere atzean geratu zaio. Aurrelari madrildarra azkar ibili da, eta garaipenaren gola egin du. Atheltic bizirik egon da neurketa osoan zehar, eta partida berdintzeko aukera izan du Williamsek huts egindako jokaldi batean, baina azkenean ez du punturik eskuratu Bernabeun.

FITXA TEKNIKOA

Real Madril: Keylor Navas; Carvajal, Pepe, Varane, Marcelo; Kovacic, Kroos, Isco (Lucas Vazquez, 65. min); Bale, Benzema (Morata, 75. min) eta Cristiano.

Athletic : Iraizoz; Lekue, Etxeita, Laporte, Saborit (Muniain, 86. min); Mikel Rico, San Jose; Williams, Raul Garcia (Iturraspe, 76. min), Sabin Merino (Susaeta, 81. min); eta Eraso.

Golak: 1-0, 7. min: Benzema; 1-1, 27. min: Sabin Merino; 2-1, 84. min: Morata.