Itxi

Athletic Club

0-0

Athleticek golik gabe berdindu du Getaferen aurka

Erredakzioa

Zuri-gorriak nagusi izan dira. Partida ona jokatu dute, baina ez dute aurkariaren ate aurrean asmatu. Getafek hamar jokalarirekin jokatu ditu azken minutuak.

  • Athletic-Getafe. Argazkia: EFE

    Williams eta Djene, Athletic-Getafe partidan. Argazkia: EFE

Athleticek golik gabe (0-0) berdindu du Getaferen aurka San Mamesen 2017-2018ko Ligako lehen jardunaldiko partida. Ondorioz, puntu bat lortuta ekin dio denboraldiari. Norgehiagoka ona jokatu du Zigandak zuzentzen duen taldeak, baina ez du aurkariaren ate aurrean asmatu.

Norgehiagoka erritmo motelarekin hasi da, Athletic baloiaren jabe eta Getafe zain kontraerasora ateratzeko. Neurketako lehen abagunea Madrileko taldeak izan du; Gakuk falta atera, Markel Bergarak errematea egin eta Kepak baloia harrapatu du bi alditan. Baloiak goleko marra pasatu duela eskatu diote Getafeko jokalariek epaileari, baina honek ez du gola eman. Minutu batzuk beranduago Oscar De Marcos lesionatu da, eta Zigandak lehen aldaketa egin behar izan du Lekue zelairatuta. Neurketako 19. minutuan Williamsek pasea eman dio Lekueri eta Guaita atezainak jaurtiketa gelditu du. Bi minutu beranduago Muniainek pase ona eman dio Williamsi, baina bere jaurtiketa gurutzatua kanpora joan da gutxigatik. Athletic jaun eta jabe izan da lehen zatian eta 23. minutuan Williamsek ez du Guaitaren aurrean asmatu Raul Garciaren pase dotorea jaso ostean. Atsedenaldira iritsi orduko, 33. minutuan, Muniainek jaurtiketa ona egin du area kanpotik eta Getafeko atezainak zuri-gorrien gola eragotzi du, gelditu bikaina eginda.

Bigarren zatiari ez dio ondo ekin Athleticek. Kontzentrazio faltarekin zelairatu dira zuri-gorriak eta lehen minutuetan Getafek abagune argirik sortu ez duen arren estuasunetan jarri du Athleticen defentsako lerroa. Partidako 59. minutuan Calak lurrera bota du Raul Garcia area barruan, baina epaileak ez du penalti argia adierazi. Hurrengo jokaldian Getafek gola sartzeko abagune argia izan du, baina Kepa atezainak gola eragotzi du gelditu bikaina eginda. Minutuak aurrera joan ahala zuri-gorriak baloiaren jabe egin dira, eta 65. minutuan talde bisitaria jokalari bat gutxiagorekin geratu da epaileak Alvaro Jimenez egotzi baitu Muniaini egindako sarrera gogorrarengatik. Bigarren txartel horia ikusi du Getafeko jokalariak. Azken txanpan talde bizkaitarra izan da nagusi, baina kosta egin zaio abaguneak sortzea. 75. minutuan, ordea, Williamsek izan du gola sartzeko aukera, baina Adurizen pasea jaso ostean kanpora bidali du errematea, oso gutxigatik. Azken minutuan, Nuñezen errematea gutxigatik kanpora joan da, eta partida golik gabe bukatu da.

Fitxa teknikoa:

0 - Athletic Club: Kepa; De Marcos (Lekue, m.16), Nuñez, Laporte, Balenziaga (Cordoba, m.88); Susaeta, San Jose, Beñat, Muniain; Raul Garcia (Aduriz, m.61) eta Williams.

0 - Getafe: Guaita; Damian Suarez, Djene, Cala, Molinero; Alvaro Jimenez, Bergara (Arambarri, m.88), Fajr, Ndiaye; Gaku Shibasaki (Sergio Mora, m.73) y Jorge Molina (Angel, m.80).

Epailea: Melero Lopez.

g>Melero Lopez.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Athletic