Itxi

Athletic Club

Larunbata, 18:30, Rosaleda

Garaipenen bidera itzuli nahi du Athleticek azkena den Malagaren etxean

agentziak | erredakzioa

Michelen mutilek ez dute oraindik punturik lortu hasierako bost jardunaldietan, eta gol bakarra sartu dute; berriz, aurkariek hamaika aldiz zulatu dute haien atea.

1:14

Azken bi jardunaldietan Athleticek jasotako bi porrotek (lehena, joan zen igandean Las Palmasen aurka, partida ia amaitzear zela Loic Remyk sartutako golaren poderioz; bigarrena, asteazken honetan bertan, San Mames berrian oraindik galdu ez duen Atletico Madrilen kontra) talde bilbotarraren hasiera ona apur bat ilundu dute.

Aldiz, zuri-gorrien artean bada albiste onik ere; izan ere, asteazkenean jakin zen Yeray Alvarez jokalariak laster jasoko duela senda-agiria, diagnostikatu zioten minbiziari aurre egiteko tratamendua gainditu ostean.

Dena den, Barakaldoko defentsa ez dago oraindik bere taldekideekin egoteko moduan, ezta Oscar de Marcos eta Mikel Rico ere. Baja horiek gorabehera, ez da erraza izango bihar Kuko Zigandak zein hamaikako aterako duen hasieratik.

Athleticen entrenatzaileak aldaketa ugari egin ditu orain arte aste baten buruan bi partida jokatzetik etorri diren bakoitzean, eta Rosaledako norgehiagokan horixe gertatzen da. Alabaina, ikusi beharko da asmo horri eusten dion ala ez, lehendabizikoan, Eibarren, ondo atera bazitzaion ere, bigarren aukeran ez zen baitzen gauza bera gertatu.

Bere aldetik, Michelek zuzentzen duen Malaga taldea sailkapeneko azken postuan dago Alavesekin batera zero punturekin, bost porrot pilatu ostean. Costa del Solekoak ez dira itxura onegia ematen ari hasierako bost jardunaldietan; izan ere, gol bakarra sartu dute eta, berriz, aurkariek hamaika aldiz zulatu dute haien atea.

Balizko hamaikakoak:

Malaga: Roberto; Rosales, Baysse, Luis Hernandez, Ricca; Mula, Rolón, Recio, Adrian; Rolan eta Borja Baston.

Athletic: Kepa; Boveda, Laporte, Unai Nuñez, Saborit; Beñat, Vesga; Raul Garcia, Muniain, Cordoba; eta Williams.

Epailea: Carlos del Cerro Grande

Zelaia: Rosaleda

ORdua: 18:30