Itxi

Athletic Club

2-3

Athleticek garaipena 'oparitu' dio Deportivori

eitb.eus

Talde zuri-gorriak lehen zati tamalgarria jokatu du, eta erraztasunak eman dizkio Deporri. Adrian (2) eta Borja Valle izan dira Deportivoko golegileak. Raul Garcia eta Susaeta, Athleticekoak.

  • Athletic-Deportivo. Argazkia: EFE

    Athleticek porrota jaso du Deportivoren aurka. Argazkia: EFE

Athleticek 2-3 gadu du Deportivoren aurka San Mamesen, Ligako 32. jardunaldiko partida. Porrot honen ondorioz, talde zuri-gorriak atzerapausoa eman du zazpigarren postua lortzeko lehian.

Athleticen lehen zatia tamalgarria izan da. Neurketaren erritmoa motela izan da lehen minututik eta horrek Deportivori egin dio mesede. Galiziako taldeak, gola sartu du izan duen lehen abagunean; korner baten ostean, Adrianek 0-1ekoa sartu du, baloia sare barrura errematatuta. Athletic lo egon da, eta 3 minutu beranduago, Adrianek beste abagune argi bat izan du, baina ez du asmatu. Zaleen lehen txistuak entzun dira une horretan. Athletic ezinean ibili da eta Deportivo izan da nagusi. Ondorioz, talde galiziarrak erraztasun asko izan ditu, eta 14. minutuan, Adrianek 0-2koa egin du. Lucas Perezen erdiraketa Borgesek ukitu du, eta Adrianek sare barrura bidali. Athleticek ez du abagunerik sortu aurkariaren atean, 31. minutura arte; De Marcosek jokaldi ona egin du area barruan, baina bere jaurtiketa gora joan da. Atsedenaldira iritsi aurretik, Lucas Perezek Deportivoren 3. gola sartzeko aukera ezin hobea eduki du, baina Iñigo Martinezek eragotzi du talde galiziarraren gola.

Bigarren zatiari ekiteko bi aldaketa egin ditu Zigandak; Aduriz eta Yeray zelairatu ditu, Cordobaren eta Etxeitaren ordez. Bizi ekin dio bigarren zatiari Athleticek eta 47. minutuan Raul Garciak 1-2koa sartu du. Kornerra bikain errematatu du Raul Garciak. Bi minutu beranduago, talde zuri-gorriak beste gol bat sartu du, baina epaileak baliorik gabe utzi du Raul Garciaren gola, ustez Athleticeko jokalariak falta egin diolako Albentosari. Jokaldi polemiko horren ostean, 53. minutuan, Deportivok 1-3koa egin du; Lucas Perezek pasea eman dio Borja Valleri eta honek gola sartu du. Deportivoren golak min egin dio Athletici eta noraezean ibili da taldea minutu batzuetan. Neurketako 72. minutuan, ordea, talde zuri-gorria partidan sartu da berriro Susaetaren gol olinpikoari esker (2-3). Kornerretik zuzenean sartu du gola Susaetak. Bigarren gola sartuta, erasora jo du itsu-ítsuan Athleticek eta 78. minutuan, Ruben atezainak Athleticen gola eragotzi du Raul Garciaren erremateari erantzun bikaina emanda. Minutu bat beranduago, Ruben atezainak beste gelditu on bat egin dio Iñigo Martinezen erremateari. Azken minutuetan erasora jo du Athleticek, arriskuarekin gerturatu da Deportivoren ate ingurura, baina ez du 3. gola sartzea lortu.

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic: Kepa; De Marcos, Etxeita (Yeray, m.46), Iñigo Martinez, Balenziaga; Susaeta, San Jose, Beñat (Muniain, m.66), Cordoba (Aduriz, m.46); Raul Garcia eta Williams.

3 - Deportivo: Ruben Martinez; Juanfran, Albentosa, Schär, Luisinho; Borges, Mosquera, Krohn-Dehli (Fernando Navarro, m.); Çolak (Fede Valverde, m.58), Adrian Lopez (Borja Valle, m.46); eta Lucas Perez.

Golak: 0-1, m.5: Adrian. 0-2, m.14: Adrian. 1-2, m.47: Raul Garcia. 1-3, m.53: Borja Valle. 2-3, m.71: Susaeta.

Epailea: Gonzalez Gonzalez.