Itxi

Athletic Club

Errege Kopa

Athleticek arazo handirik gabe menderatu du Cayon, 0-3, Sardineron

EITB MEDIA

Asier Villalibrek bi gol sartu ditu lehen zatian, eta Nico Williamsek egin du hirugarrena, azken minutuetan. Valverderen gizonek ez dute ia estutasunik izan final hamaseirenetarako sailkatzeko.

3:53
Asier Villalibre celebrando el gol

Athletic 2023-24 denboraldiko Errege Kopako final hamaseirenetarako sailkatu da ostegun gauean, Cayon bigarren kanporaketan menderatuta. Bilboko taldeak 0-3 irabazi du, Sardineron, Asier Villalibrek lehen zatian sartutako bi golei eta partidako azken txanpan Nico Williamsek egindako golari esker, eta, horrenbestez, datorren astearteko zozketan izango da.

Athletic aurkaria baino gehiago izan da aurreneko zatian, eta, gainera, bi gol egin ditu, 22. eta 25. minutuetan, Asier Villalibreren bitartez. Valverderen gizonak hasieratik moldatu dira ondo Sardineroko berdegune azkarrera. Arriskuko jokaldiak etengabe iritsi dira Cayonen areara, eta azkenean, Villalibrek, trebe, Berenguerrek ezkerretik egindako jokaldi bat baliatu du 0-1ekoa sartzeko. Hiru minuturen buruan, epaileak penaltia adierazi du; Pradosek eskuinaldetik erdiratu du, eta baloiak etxeko taldeko atzelari bat jo du, eskuan epailearen ustez. Villalibrek ez du huts egin, eta Athleticen bigarrena sartu du.

Bigarren zatian, Athleticen erritmoak behera egin du, eta norgehiagoka apur bat parekatuagoa izan da. Dena dela, Bizkaiko taldeak ia-ia ez du arazorik izan golik ez jasotzeko; erasoan, baina, gutxiago aritu da. Kanporaketako azken txanpan, Ernesto Valverdek Iñaki eta Nico Williams, Oihan Sancet eta Iñigo Ruiz de Galarreta zelairatu ditu, eta Nicok, jokaldi polit batean, 0-3koa sartu du 85. minutuan.

Adu Aresek arazo fisikoak izan ditu; eskuin hegaleko gazteak aldaketa eskatu behar izan du bigarren zatian. Horrez gain, bigarren zatian, Mikel Jauregizarrek debuta egin du lehen taldearekin.

Fitxa teknikoa

0 - CD Cayon: Galnares; Gabi (Resines, 54. min), Alvarito (Montiel, 65. min), Mier, Riki, David Sanz, Cagigas (Dani Salas, 54. min), Marcos (Hector Alonso, 54. min), Turrado (Chili, 68. min), Chus Villar, Cañizo.

3 - Athletic: Agirrezabala; Prados, Nolaskoain, Yuri, Imanol, Unai (Galarreta, 63. min), Muniain (Sancet, 79. min), Raul Garcia (Nico Williams, 74. min), Berenguer (Iñaki Williams, 74. min), Adu Ares (Jauregizar, 63. min), Villalibre.

Golak: 1-0, 22. min, Villalibre. 2-0, 25. min, Villalibre (penaltiz). 3-0, 85. min, Nico Williams.

Epailea: Javier Iglesias Villanueva. Cayoneko Turrado eta Resines eta Athleticeko Imanol zigortu ditu, txartel horia aterata.

Gertakizunak: Errege Kopako bigarren kanporaketako partida. Sardineron jokatu dute, eta 12.295 zale bildu dira zelaian.