Itxi

Athletic Club

LAN EGITARAUA

Athleticek entrenamendua egingo du ostegun goizean, gabarrara igo aurretik

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Zuri-gorriek atseden egun batzuk izango dituzte aste honetan, Vila-realen kontrako ligako partida prestatzen hasi baino lehen.

  • Nico Williams, Errege Kopako finalean

    Nico Williams, Errege Kopako finalean. EFE

Athleticek entrenamendua egingo du ostegun goizean, gabarran igota Bilboko itsasadarra zeharkatu baino ordu batzuk lehenago. Joan den larunbatean Sevillan irabazitako Errege Kopa ospatzeko antolatutako egitarauko ekintza nagusia izango da, eta bi aldeetatik milioi bat lagunek baino gehiagok jarraitzea espero da.

Astelehen honetan klubak iragarritako planaren arabera, asteazken arratsaldean itzuliko dira lanera jokalariak eta lantaldea, igandean 14:00etan Bilbora iritsi ondoren.

Ernesto Valverdek asteazken arratsaldeko 18:00etarako antolatu du saioa, igandean Vila-realen aurka izango duten Ligako neurketari begira. Oso hitzordu garrantzitsua da, datorren denboraldian Txapeldunen Ligan jokatzeko txartela baitago jokoan.

Ostegunean, berriz, saioa goizean egingo dute, 11:00etan. Ondoren, gabarran igota zeharkaldia egingo dute lehoiek, 16:30ean Getxoko Abratik abiatuta. Handik bi ordura, Bilboko udaletxe parera heltzea aurreikusi dute. Egitarauak zehazten duenez, bi harrera egingo dizkiete jokalariei: 19:00etan, udaletxe parean; Foru Jauregian, ostera, 20:00etan.

Ostiralean eta larubatean ere entrenatuko du Athleticek, Marcelino Garcia Toral gidatzen duen taldea San Mamesen hartu aurretik: ostiralean (11:00etan) eta larunbatean (20:00etan). Azken lan-saioa hasi baino lehen, Valverdek prentsaurrekoa emango du Lezaman.