Itxi

Eibar

0-2

Eibarrek Celtari irabazi dio eta Europako postuetan sartu da

Erredakzioa

Armaginek 0-2 irabazi dute Balaidosen Kike Garciaren eta Pedro Leonen golei esker. Mendilibarrek zuzentzen duen taldea 6. postuan da Athleticekin berdinduta eta Realaren partidaren emaitzaren zain.

  • Celta-Eibar. Argazkia: EFE

    Eibarreko jokalariak Kike Garciak Celtari sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Eibarrek 0-2 irabazi dio Celtari Balaidosen eta armaginak Europako postuetan sartu dira. Mendilibarrek zuzentzen duen taldeak 50 puntu ditu, eta seigarren postuan da Athleticekin (zazpigarren) berdinduta. Realak puntu bat gutxiago du, baina astelehenean itxiko dute jardunaldia txuri-urdinek.

Bizi hasi da partida, baina bi taldeetako batek ere ez du abagune argirik izan lehen hamar minutuetan. Lehia joan-etorrikoa izan da, eta 13. minutuan Sergi Enrichek baloi luze bat buruz ukitu, pasea Kike Garciak hartu eta sare barrura bidali du errematea (0-1). Une horretatik aurrera, armaginak erosoago ibili dira Balaidoseko berdegunean eta Celtak ez du abagunerik izan. Atsedenaldia baino lehen Eibarrek bigarren gola sartzeko abagune argia izan du, baina Sergio atezainak armaginen gola eragotzi du Beberen jaurtiketa indartsua desbideratuta. Celtak ez du Eibar estuasunetan jarri eta gainera, Rossi lesionatu egin da.

Bigarren zatiari ondo ekin dio Eibarrek, erasokor, eta 50. minutuan Pedro Leonek 0-2koa sartu du. Talde armaginak jokaldi ona burutu du, eta murtziarrak sare barrura bidali du area kanpotik egin duen jaurtiketa. Armaginen bigarren golaren ostean Celtaren erantzuna etorri da, baina Jozabeden jaurtiketa zutoinera joan da. Ordutik partida amaierara arte Celta izan da baloiaren jabe. Iago Aspas berdegunean sartu du Berizzok eta Vigoko taldeak estuasunetan jarri du Eibar. Iago Aspasek izan ditu abagune onenak; 78. minutuan jokaldi bikaina egin eta bere jaurtiketa oso gutxigatik kanpora bidali du, eta 84. minutuan langa jo du bere falta jaurtiketak. Beauvuek ere aldeak murrizteko aukera izan du 87. minutuan, baina ez du asmatu Yoel atezainaren aurrean. Azken minutuetan lana gogotik egin behar izan du defentsan Eibarrek eta 90. minutuan Yoel atezainak eragotzi du Celtaren gola Radojaren jaurtiketari erantzun bikaina emanda. Amaieran, hiru puntuek ez diote ihes egin Eibarri.

Fitxa teknikoa:

0 - Celta: Sergio Alvarez; Roncaglia, Sergi Gomez, Fontás, Planas; 'Tucu' Hernandez (Radoja, m.56), Pape Cheikh, Jozabed; Señe (Aspas, m.65), Pione Sisto eta Rossi (Beauvue, m.34).

2 - Eibar: Yoel Rodriguez; Capa, Ramis, Galvez, Luna; Pedro León (Ruben Peña, m.70), Dani Garcia, Rivera, Bebe (Adrian, m.75); Sergi Enrich eta Kike Garcia (Junca, m.87).

Golak: 0-1, M.12: Kike Garcia; 0-2, M.50: Pedro Leon.

Epailea: Munuera Montero.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Eibar