Itxi

Reala

0-2

Realak irabazi du Osasunaren aurkako derbia

A.B.

Talde txuri-urdinak garaipena lortu du Sadarreko euskal derbian (0-2) partida guztian abagune bakarra sortuta. Juanmik sartu du lehen gola eta Unai Garciak bigarrena, bere atean.

  • Osasuna-Reala. Argazkia: EFE

    Realeko jokalariak Juanmik Osasunari sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Realak denboraldiko lehen garaipena lortu du Ligako bigarren jardunaldian Osasunari 0-2 irabazita. Abagune bakarra sortuta lortu dute txuri-urdinek derbia irabaztea. Gorritxoek lehen porrota jaso dute, lehen jardunaldian Malagaren aurka berdindu egin baitzuten.

Partida erritmo biziarekin hasi da. Bi taldeek presio handia egin diote aurkariari eta bietako bat ere ez da baloiaren jabe egiteko gai izan hasierako minutuetan. Norgehiagokak ez du ia abagunerik izan lehen zatian. Partidako lehen gol aukera 29. minutuan etorri da, eta Osasunak izan du; Aitor Buñuelek erdiraketa ona egin eta Oriol Rieraren errematea gutxigatik kanpora joan da. Osasunaren bigarren abagunea 35. minutuan iritsi da, baina Unai Garciaren burukada langa gainetik kanpora joan da. Realak abagune bakarra izan du lehen zatian, 46. minutuan; Osasunak kale egin du defentsan, Zurutuzak lurretik baloia arean sartzea lortu du, Oyarzabalek Juanmiri pasea eman eta honek sare barrura bultzatu du baloia (0-1).

Bigarren zatiaren hasieran erasokor zelairatu da Osasuna, baina Realak azkar moteldu du partidaren erritmoa eta gorritxoek ezin izan dute abagune argirik sortu. Jaime Romerok area kanportik egindako jaurtiketa bat gutxigatik kanpora joan da 65. minutuan, baina Osasunari asko kosta zaio abagune argiak sortzea bigarren zatian. Osasuna ezinean ibili da, eta Reala lasai eta zain atzealdean. Talde txuri-urdinak ez du abagunerik sortu bigarren zatian, baina 81. minutuan Yurik baloi luze bat jarri eta Unai Garciak bere atean sartu du gola (0-2) Nauzet atezaina buruz gain pasata. Bigarren golak partida erabakita utzi du, eta Realak irabazi du euskal derbia.

Fitxa teknikoa:

0 - Osasuna: Nauzet; Javier Flaño (Aitor Buñuel, m.7), David Garcia, Miguel Flaño, Unai Garcia, Clerc; Oier, De las Cuevas, Fran Merida; Jaime (Kenan Kodro, m.74) eta Oriol Riera (Sergio Leon, m.63).

2 - Reala: Rulli; Zaldua (Aritz Elustondo, m.57), Mikel, Iñigo Martinez, Yuri; Illarramendi, Ruben Pardo, Zurutuza; Xabi Prieto, Oyarzabal (Markel Bergara, m.83) eta Juanmi (Carlos Vela, m.65).

Golak: 0-1, m.46+: Juanmi. 0-2, m.81: Unai Garcia, bere atean.

Epailea: Alvarez Izquierdo.

arez Izquierdo.

arez Izquierdo.