Itxi

Osasuna

31. jardunaldia

Puntu banaketa Sadarreko derbian (1-1)

Erredakzioa

Chory Castrok Reala aurreratu du 7. minutuan, eta Oriol Rierak berdinketaren gola egin du 58.ean. Txuri-urdinek asko sufritu du azken minutuetan.

Osasunak eta Realak bana berdindu dute Sadarren jokatutako 31. jardunaldiko euskal derbian. Reala gehiago izan da lehen zatian, baina bigarrenean gehiago merezi izan du Graciaren taldeak.

Etxekoek baino hobeto hasi dute partida txur-urdinek, eta 7. minutuan markagailua estreinatu du. Carlos Velaren jokaldi ona izan da, atzelari gorritxoen akatsa baliatuta. Mexikarrak ondo ikusi du Chory Castro, baloi honi eman dio eta uruguiarrak Andres Fernandez gainditu du.

Osasuna jokoari intentsitate handiagoa ematen saiatu da, baina erabat deseroso ari zen. Hala ere, partida berdintzeko pare bat aukera izan ditu Oriol Rierak eta horrek konfiantza eman dio Javi Graciaren taldeari. Armenterosek, lesionatuta, atsedenaldira heldu aurretik utzi behar izan du neurketa. Nahiko parekatuak izan dira lehen zatiko azken minutuak.

Bigarren zatia hasi eta berehala, gutxigatik ez du Zurutuzak donostiarren bigarren gola egin. Lau minutu geroago, langara bidali du baloia Iñigo Martinezek zelaiaren erditik egindako jaurtiketa batean.

54. minutuan norgehiagoka berdintzeko urrezko abagunea izan du Roberto Torresek arearen erditik, baina baloia kanpora bidali du gorritxoak. Berdinketaren gola 58. minututan sartu du Oriol Rierak. Falta jaurtiketa batean, buruz errematatu du Osasunako jokalari katalanak (1-1).

Bi jokaladi ia jarraietan gutxigatik ez du Jagoba Arrasataren taldeak bigarren gola egin. Aurrenekoan, Vela ez da Agirretxeren erdiraketara heldu, eta bigarrenean Chory Castroren erdiraketak ez du errematatzailerik aurkitu.

Hala ere, asko sufritu dute bisitariek azken minutuetan. Osasuna garaipenaren golaren bila aritu da, eta Lobatok eta Rierak hori lortzeko gol-aukera bana izan dute.

Fitxa teknkoa:

1 - Osasuna: Andres Fernandez; Marc Bertran, Loties, Arribas, Damia (Oier, 85'): Silva, Raoul Loe; Cejudo (Lobato, 72'), Torres, Armenteros (De las Cuevas, 36') eta Oriol Riera.

1 - Reala: Bravo, Carlos Martinez (Ansotegi, 88'), Míkel, Iñigo, Bergara. Elustondo, Zurutuza (Canales, 78'), De la Bella. Chory Castro (Griezmann, '67), Vela eta Aguirretxe.

Golak:

0-1, 7': 'Chory' Castro.

1-1, 58': Oriol Riera.