Itxi

Osasuna

0-0

Osasuna, playoff postuetatik urrunago Alcorconen aurka berdindu ostean

eitb.eus

Talde gorritxoak golik gabe (0-0) berdindu du Madrilen eta atzerapausoa eman du igoerako kanporaketetan sartzeko lehian.

  • Alcorcon-Osasuna. Argazkia: @CAOsasuna

    Alcorcon-Osasuna (0-0). Argazkia: @CAOsasuna

Osasunak golik gabe (0-0) berdindu du Alcorconen aurka Bigarren Mailako 36. jardunaldiko partida. Gorritxoek beste atzerapauso bat eman dute igoerako playoffetan sartzeko borrokan.

Madrileko taldea erasokor zelairatu da, eta abagune argirik sortu ez duen arren, arrisku-sentsazioa eraman du Osasunaren ate ingurura. Gorritxoek eutsi egin dute lehen minutuetan, baina ez dira abaguneak sortzeko gai izan. Lehen zatian bi taldeetako batek ere ez ditu gola sartzeko aukera oso argiak izan. Alcorconek izan ditu abagune argienak; Bruno Gamaren jaurtiketa oso gutxigatik kanpora joan da zutoina urratuta eta 35. minutuan, Nonok gehiegi baloia loratu du Sergio Herrera atzezainaren aurrean.

Osasunak izan du bigarren zatiko lehen abagunea, baina Roberto Torresen erdiraketak ez du aurkitu errematatzailerik. Ondoren, Alcorconek erantzun du aukera oso on batekin, baina Sergio Herrera atezainak eragotzi du gola, gelditu on bat eginda. Neurketa parekatua izan da hasieratik amaieraraino, baina 64. minutuan Osasunak izan du gola sartzeko aukera bikaina; Quiquek, ordea, ez du asmatu atezainaren aurrean egin duen  errematean. Azken minutuetan bi taldeak saiatu dira garaipenaren gola sartzen, baina bietako batek ere ez du gola egiteko aukera argirik izan eta lehia berdinduta amaitu da (0-0).

Fitxa teknikoa:

0 - Alcorcon: Casto; Laure, David Fernandez, Esteban Burgos, Bellvis; Bruno Gama, Toribio, Dorca, Mateo Garcia (Sangalli, m.76); Nono eta Jonathan Pereira (Asdrubal, m.80).

0 - Osasuna: Sergio Herrera; Unai Garcia, Aridane, Oier; Lillo, Arzura (Lucas Torro, m.72), Fran Mérida, Roberto Torres (De las Cuevas, m.76), Kike Barja (Rober Ibañez, m.54); David Rodriguez eta Quique Gonzalez.

Epailea: Ais Reig.