Itxi

Osasuna

EA SPORTS LIGA

Osasunak garaipenarekin estreinatu du Liga

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Gorritxoek 2-0 irabazi diote Celtari EA Sports Ligako lehen jardunaldian, Ruben Garciaren eta Moi Gomezen golei esker.

  • Osasunako jokalariak lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Osasunako jokalariak lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE

Osasunak garaipenarekin hasi du EA Sports Liga igande honetan, Celtari 0-2 irabazita Balaidosen jokatutako lehen jardunaldian. Ruben Garcia izan da golegilea lehen zatian, eta Moi Gomez, berriz, bigarrenean.

Celta - Osasuna partidako laburpena

Jagoba Arrasatek partidua irakurtzen jakin du, eta horri esker gainditu du Osasunak Celta, gorritxoak erabat nagusitu baitira. Euskal teknikariak asmatu egin du area inguruan. Horrez gain, alboko zentro bakoitza mehatxu bihurtu da etxekoen defentsarentzat. Budimir izan da gola gertu izan duen lehena. Kroaziarrak bularrarekin jaitsi du Moncayolak erdiratutako baloia, eta horren erremate indartsuak langa jo du.

24. minutuan, Budimirrek Mingueza eta Aidooren despisteak aprobetxatu ditu, baina Ivan Villarren eta langaren artean gola eragotzi dute. Aldaratzea Ruben Garciari erori zaio, eta honek ez du huts egin (0-1). Catenak, ondoren, 0-2koa lortzeko aukera izan du, beste erremate batekin.

Celtak hobera egin du bigarren zatian. Bambari Budimirrek atera dio gola atepean, bigarren zatia hasi eta berehala. Osasunak protagonismoa galdu du sortzeko lanean, eta Aspasek berdintzeko aukera izan du.

Azkenean, partida amaitzeko ordu laurden falta zenean, Osasunak norgehiagoka erabakita utzi du Moi Gomezen golarekin. Ruben Peñak banakako jokaldi bikaina egin du, eta horren jaurtiketak zutoina jo du. Aldaratzea baliatuta, Moi Gomezek gorritxoen bigarren gola lortu du (0-2).

Fitxa teknikoa

0 - Celta: Ivan Villar; Mingueza, Aidoo, Unai Nuñez, Cervi (Manu Sanchez, 81. min); Carles Perez (Miguel Rodriguez, 62. min), Hugo Sotelo (Luca de la Torre, 81. min), Fran Beltran, Bamba; Aspas (Swedberg, 81. min) eta Larsen (Gabri Veiga, 72. min).

2 - Osasuna: Sergio Herrera; Peña, Catena, David Garcia, Mojica; Torro (Iker Muñoz, 89. min), Moncayola (Arnaiz, 89. min); Ruben Garcia (Pablo Ibañez, 66. min), Aimar Oroz (Areso, 79. min), Moi Gomez; eta Budimir (Chimy Avila, 79. min).

Golak: 0-1, 23. min: Ruben Garcia. 0-2, 73. min: Moi Gomez.

Epailea: Gonzalez Fuertes. Txartel horia atera die Unai Nuñez eta Torro jokalariei.