Itxi

Futbola

Garaipena Jaenen (2-3)

Alavesek mailari eutsi dio

Erredakzioa

Guzmanek garaipenaren gola egin du luzapenean, eta aurkari zuzenen emaitzak lagun izan ditu talde gasteiztarrak. Bigarren Mailan jarraituko du.

Alavesek lortu du, ametsa ziruediena errealitate bihurtu da eta hurrengo denboraldian Bigarren Mailan jarraituko du. Talde gasteiztarrak sufritutako garaipena eskuratu du Jaenen (2-3), eta aurkari zuzenen emaitzak lagun izan ditu. Mailari eutsi dio Albertoren taldeak.

Intentsitate handikoa izan da Nueva Victoria futbol-zelaiko lehen zatia. Baloiaren jabetza talde gasteiztarrarena izan da partidako lehen ordu erdian, baina etxeko taldea arriskuarekin hurbildu da erasoko jokaldi bakoitzean.

Albertoren taldeak gol-aukera ugari izan ditu, eta Stefanovic, Manu Garcia, Beobide, Guzman eta Viguera jokalariak Alaves markagailuan aurretik jartzeko zorian izan dira.

Jaenek ez ditu hainbeste izan, baina sortutakoak nahiko argiak izan dira. 30.ean Nandoren jaurtiketa Crespok defendatutako atearen eskuineko zutoinetik oso gertu joan da, eta bi minutu geroago hurbil izan du Jonak etxekoen gola. Atsedenaldira heldu aurretiko azken ordu laurdenean Jaenekoak izan dira nagusi. Alavesek ondo defendatu du.

Jaen oso indartsu zelairatu da bigarren zatian, eta 53. minutuan gola egin du Jonak (1-0). Aurrelariak Crespo gainditu du Gaitanen pasea baliatuta.

Golak min handia egin dio Alavesi. Hala ere, aurrera egin du eta 63. minutuan gola egin du, baina epaileak baliorik gabe utzi du. Nahasmen handiko jokaldia izan da hasiera batean gola eman duela uste izan baitute jokalariek, baina azkenean errematean Quirogak egindako falta adierazi du. Talde gasteiztarrak lanean jarraitu du, baina Jaenek partida erabakita utzi nahi zuen, eta 73.ean gutxigatik ez du Machadok bigarrena egin.

Hamar minutu geroago, 83.ean, partida berdindu du Juanmaren golak. Erdiraketa Raul Garciarena izan da, Juanmak eskuineko oinarekin kontrolatu eta sarea zulatu du.

Suspertu da Alaves eta 86.ean 1-2koa egin du Quirogak, baina ospatzeko denborarik ez du izan Gasteizko taldeak minutu bat geroago bigarrena sartu baitu Machadok (2-2).

Baina onena heltzear zen, eta luzapenean (92.ean) salbazioaren gola egin du Guzmanek. Partidari buelta eman eta mailari eutsi diote.

Fitxa teknikoa:

2 - Real Jaen: Rene; Gaitan, Hugo ÁAlvarez, Servando, Nando; Kitoko, Oscar Quesada, Fran Machado, Juanma, Victor Curto (Curto, 66'); eta Jona (Nino, 77').

3 - Deportivo Alaves: Ivan Crespo; Rubio, Samuel, Stevanovic (Quiroga, 51'), Raul; Beovide, Jaro, Tejera (Ion Velez, 55'), Guzman, Manu (Juanma, 82'); eta Borja Viguera.

Golak:

1-0, 53': Jona.

1-1, 82': Guzman.

1-2, 86': Quiroga.

2-2, 88': Fran Machado.

2-3, 93': Guzman.

Jaitsiera eta igotzeko lehia

Mirandes, Castilla eta Jaen Bigarren B Mailara jaitsi dira, eta Murtzia-Kordoba eta Sporting-Las Palmas dira Lehen Mailara igotzeko playoffak.