Itxi

Futbola

Errege Kopa

Santurtzi eta Zirauki Kopatik kanpo geratu dira Turegano eta Tardientaren aurka galduta

I. G. | EITB MEDIA

Bizkaitarrek 3-1 galdu dute Tureganoren aurka Gaztela eta Leonen, eta nafarrek 2-1 galdu dute Tardienta Aragoiko taldearen aurka.

  • Errege Kopa. Argazkia: EFF.

    Errege Kopa. Argazkia: EFF.

Santurtzi talde bizkaitarra eta Zirauki talde nafarra Errege Kopatik kanpo geratu dira ostegun honetan, lehen kanporaketan. Lehenengoek 3-1 galdu dute Turegano Gaztela eta Leongo taldearen aurka, eta Ziraukik 2-1 galdu du Tardienta aragoiarraren zelaian. Horrela, bukatutzat eman dute euren ibilbidea lehiaketan.

Kanporaketa jokatzen hasi den lehena Santurtzi izan da, El Burgo futbol-zelaian, Tureganoren aurka. Partidako lehen minutuak oso parekatuak izan dira, eta minutu gutxiz behin trukatu dute baloiaren nagusitasuna.

Atsedenaldira golik gabe joango zirela zirudienean, etxekoek atea aurkitu dute Cotrinaren eskutik, eta aurrea haratu dute markagailuan (1-0).

Aldageletatik bueltan, bizkaitarrek neurketa berdindu dute minutu gutxira, Mateyren golari esker (1-1). Baina pozak gutxi iraun die, ia jarraian epaileak penaltia adierazi baitu Tureganoren alde, eta Guillek ez du barkatu hamaika metroetatik (2-1).

Azken minutuetan, Perezek etxekoen garaipena bermatzen zuen hirugarren gola sartu du (3-1).

Santa Quiteria udal zelaian jokatutako partidan, Ziraukik ere ezin izan du kanporaketa pasa Tardientaren aurka.

Partida oso goiz jarri zaio kontra, laugarren minutuan, Frailek 1-0ekoa sartu duenean Aragoiko taldearentzat. Geroago, partida hasi eta ordu erdira, Mercadalek markagailua handitu du etxekoentzat (2-0).

Hala ere, nafarrek ez dute amore eman eta Vilellak aldea murriztu du, oraindik ordubete aurretik zuen Ziraukiri itxaropena emanda egoerari buelta ematen saiatzeko (2-1).

Baina ez da posible izan. Bigarren zatian ez da golik izan eta Tardientak emaitza lotu nahi izan du.

Beraz, itzulerako partidarik gabe, Santurtzik eta Ziraukik bukatutzat eman dute txapelketako ibilbidea.