Itxi

Futbola

Espainia 2 - Eskozia 0

Sancetek gola sartu du Espainiako selekzioarekin debuta egin duen partidan; Nico Williams Bilbora itzuli da

EITB Media

Oihan Sancet Athleticeko jokalariak debuta egin zuen Espainiako selekzioarekin Eskoziaren aurkako norgehiagokan. Gainera, nafarrak gola sartu zuen espainiarren garaipena biribiltzeko (0-2). Bestalde, Nico Williamsek kontzentrazioa utzi du, min hartuta.

  • Oihan Sancet

    Oihan Sancet, Eskoziari sartu dion gola opatzen Gavirekin batera. Argazkia: EFE

Oihan Sancet Athleticeko jokalariak debuta egin zuen Espainiako selekzio nagusiarekin urriaren 12an, 2024ko Eurokoparako sailkatze fasean Eskoziaren aurka jokatutako partidan. Espainiak 2-0eko emaitzarekin irabazi zuen norgehiagoka.

Sancet 67. minutuan zelairatu zen, Mikel Merinoren ordez. Jokalari nafarrak Cartujako berdegunean 18 minutu zeramatzanean sartu zuen gola, eta Espainiako selekzioaren garaipena biribildu zuen horrela (2-0).

Euskal jokalariei dagokienez, Unai Simon, Mikel Merino eta Mikel Oyarzabal hasierako hamaikakoan egon ziren. Simonek neurketa osoa jokatu zuen; Mike Oyarzabal aldagelan geratu zen atsedenaldian, Bryan Zaragozari tokia utzita; eta, azkenik, 67. minutuan, De la Fuentek Merino kendu zuen Sancet sartzeko.

Bestalde, Nico Williams harmailetan egon zen norgehiagoka ikusten, asteko entrenamendu batean min hartu baitzuen. Athleticeko futbolariak saihetsarteko distentsioa du. Ondorioz, Oslora joan gabe geratu da eta ez du jokatuko Norvegiaren aurkako partida. Kontzentrazioa utzita, Bilbon ekingo dio sendatze prozesuari.

Espainia- Eskozia partidako fitxa teknikoa:

2 - Espainia: Unai Simon; Carvajal (Jesús Navas, 67. min), Le Normand, Laporte, Balde (Fran García, 46. min); Gavi, Rodri, Merino (Sancet, 67. min); Ferran Torres, Morata (Joselu, 84. min), Oyarzabal (Bryan Zaragoza, 46. min).

0 - Eskozia: Gunn; Hickey, Porteous (Gilmour, 87. min), Hendry, McKenna, Robertson (Patterson, 44. min); McGinn, McTominay, McGregor (McLean, 87. min), Christie (Armstrong, 79. min); Dykes (Adams, 79. min).

Golak: 1-0, 73. min: Morata. 2-0, 86. min: Sancet.

Epailea: Serdar Gozubuyuk (Herbehereak). Txartel horia atera die Merino (45+4. min), Carvajal (59. min), Unai Simon (60. min) eta Laporte (90. min) Espainiako selekzioko jokalariei, baita Dykes (36. min), Patterson (50. min) eta Hendry (84. min) Eskoziako futbolariei ere.