Itxi

Futbola

Bi aste barru jokatuko dute

Bederatzi euskal talde sartuko dira gaur Errege Kopako lehen kanporaketaren zozketan

EITB MEDIA

Reala, Athletic, Alaves, Eibar, Sestao River, Gernika, Tudelano, Barakaldo eta Eguesibar dira talde horiek. Osasuna eta Amorebieta ez dira zozketan sartuko; hurrenez hurren, final hamaseirenetan eta bigarren kanporaketan hasiko dira txapelketan lehiatzen.

  • Lehen kanporaketa honetako zozketa 13:00etan hasiko da. Argazkia: EITB Media.

    Lehen kanporaketa honetako zozketa 13:00etan hasiko da. Argazkia: EITB Media.

Euskal Herriko bederatzi talde sartuko dira gaur, 13:00etan, 2023-24 denboraldiko Errege Kopako lehen kanporaketaren zozketan. Madrilen, hain zuzen ere Espainiako Futbol Federazioaren egoitzan, egingo duten zozketa horretan, talde hauek jakingo dute zein den euren aurreneko aurkaria aurtengo Kopan: Realak, Athleticek, Alavesek, Eibarrek, Sestao Riverrek, Gernikak, Tudelanok, Barakaldok eta Eguesibarrek. Lehen kanporaketa hori partida bakarrean jokatuko dute, urriaren 31n, azaroaren 1ean eta azaroaren 2an (alegia, asteartetik ostegunera bitartean, bi aste barru), eta talde guztien helburua izango da Kopako bigarren kanporaketan izatea; horretan, Amorebietak bermatuta du parte-hartzea, 2022-23 denboraldian Federazioaren Lehen Mailako txapelduna izan baitzen. Osasunak, ordea, final hamaseirenetan ekingo dio Kopari, 2022-23ko Kopan txapeldunorde izan zelako; finala jokatu zuenez, urtarrilean Superkopa jokatuko du (final hamaseirenak hirugarren kanporaketa dira).

Zozketa, arestian esan bezala, 13:00etan hasiko da. Guztira, 55 partida zehaztuko dituzte bertan, aurreneko kanporaketa honetan. Espainiako Federazioak gogora ekarri duenez, ahal den heinean, maila baxuagoko taldeek maila altuagoko aurkariak izango dituzte. Hain zuzen, zozketan sartuko dira Lehen Mailako 16 talde, Bigarren Mailako 20, Federazioaren Lehen Mailako 18, Federazioaren Bigarren Mailako 34, Federazioaren Hirugarren Mailako zortzi, Federazioaren Kopako finalaurrekoetan izandako lau taldeak eta atariko kanporaketan garaile atera ziren hamar taldeak. Kanporaketak maila baxuagoko taldearen zelaian jokatuko dituzte; maila bereko taldeen arteko kanporaketarik egongo balitz, zozketan lehenago irten den taldearen etxean jokatuko lukete.

Euskal Herriko taldeei dagokienez, Lehen Mailako hiru talde izango dira lehen kanporaketa honetan (Reala, Athletic eta Alaves), Bigarren Mailako bat (Eibar), Federazioaren Lehen Mailako bat (Sestao River) eta Federazioaren Bigarren Mailako lau (Gernika, Tudelano, Barakaldo eta Eguesibar).

Kanporaketa honetako 55 irabazleak, beraz, bigarren kanporaketako zozketan sartuko dira, Amorebietarekin batera. Bigarren kanporaketa hori abenduaren 5ean, 6an eta 7an jokatuko dute, eta horretan 28 taldek lortuko dute final hamaseirenetarako sailkatzea; kanporaketa horretan, urtarrilaren 6an eta 7an, Osasunak, Real Madrilek, Bartzelonak eta Atletico Madrilek ere jokatuko dute, alegia, Superkopan izango diren lau taldeek.