Itxi

Futbola

Errege Kopa

Bertan behera utzi dute Gimnastica Segoviana-Sestao River Errege Kopako partida, haize bortitzagatik

EITB MEDIA

Neurketa ostegun arratsaldean jokatu behar zen, 19:00etan, Segoviako La Albuera Udal Estadioan. Horrenbestez, partida datorren asteazkenera arte, azaroaren 8ra arte, atzeratu da.

  • Kanporaketa jokatzeko beste data bat adostu beharko dute, orain. Argazkia: EFE.

    Kanporaketa jokatzeko beste data bat adostu beharko dute, orain. Argazkia: EFE.

Bertan behera utzi dute Gimnastica Segoviana-Sestao River 2023-24 denboraldiko Errege Kopako lehen kanporaketaren barruan ostegun arratsaldean jokatzekoa zen partida, haize bortitzagatik. Hain zuzen ere, norgehiagoka 19:00etan hastekoa zen, Segoviako La Albuera Udal Estadioan, baina, bi klubek sare sozialen bidez iragarri dutenez, bertan behera gelditu da, egunsentitik Espainiako Estatuko erdialdean dagoen haize denboraldiagatik. Hala, orain, Gimnastica Segovianak, Sestao Riverrek eta Espainiako Futbol Federazioak beste data bat adostu beharko dute kanporaketa jokatzeko; hori bai, ezin izango dute jokatu bigarren kanporaketaren zozketa egin aurretik, hori asteartean egingo baitute, hau da, hilaren 7an (13:00etan).

Hala, osteguneko lehen ordutik ibili da partida bertan behera uzteko aukera, Segovian haize ufada oso gogorrak izan baitira. Parkeak eta lorategiak itxi dituzte hirian, bai eta aire zabaleko kirol azpiegitura guztiak ere. Azkenean, goizeko azken orduan, Gimnastica Segovianako ordezkariek eta Segoviako Udalaren Segurtasuneko arduradunek egindako bilera batean, erabaki dute norgehiagoka bertan behera uztea. Futbolarien eta zaleen osotasun fisikoa babestu nahi izan dute, kontuan izanik, gainera, meteorologia iragarpenaren arabera haizearen indarra ez dela lasaituko ondorengo orduetan.

Horrenbestez, partida datorren asteazkenera arte, azaroaren 8ra arte, atzeratu da. Espainiako Futbol Federazioak zehaztu beharko du ordutegia orain.