Itxi

Futbola

Hirugarren kanporaketa

Alaves Erregina Koparen final zortzirenetarako sailkatu da; Eibar eta Osasuna txapelketatik at geratu dira

EITB MEDIA

Talde arabarrak Cacereño mendean hartzea lortu zuen, penaltietan. Eibarrek 0-1 galdu zuen Levante Las Planasen kontra, eta Osasunak ere ezin izan zuen Betis garaitu, 1-2 galduta. Athleticek gaur jokatuko du hirugarren kanporaketako neurketa, Granadaren aurka.

  • Alaveseko neskak, final zortzirenetarako pasea lortu ostean

    Alaveseko neskak, final zortzirenetarako pasea lortu ostean. Argazkia: @alavesfem

Alaves Gloriosas taldeak Erregina Koparen final zortzirenetan jokatuko du, asteazken honetan Cacereño penaltietan mendean hartu ostean. Neurketa oso berdinduta egon zen, eta arauzko denbora hutsean amaitu zuten. Ondoren, luzapenean, gorabehera ugari izan zituen partidak.

Lehenik eta behin, Sofia Fuente Alaveseko atezainak bere atean sartutako gol batek abantaila eman zien etxekoei, baina, ondoren, Alba Aznarrek 120. minutuan sartutako gol batek penaltietara eraman zuen norgehiagoka, markagailuan banakoa zegoela.

Cacereñok aurrea hartu zuen lehen jaurtiketan, Laura Morenoren akatsaren ondoren, baina Sofia Fuente atezaina bikain aritu zen, markagailua 2-3 alde jarrita. Carla Morerak bete-betean asmatu zuen bere jaurtiketa, eta final zortzirenetarako sailkatu zuen Alaves.

Eibar eta Osasuna, berriz, bidean geratu ziren, ez baitzuten Levante Las Planas (0-1) eta Betis (1-2), hurrenez hurren, garaitzea lortu. Rosita Marquezek 10. minutuan aurka sartutako gola berdindu zuen Osasunako Iara Lacostak bigarren zatiaren hasieran. Markagailua berdinduta zegoela, bi taldeek izan zituzten abantaila hartzeko aukerak, baina Betisek egin zuen aurrera, Carla Armengolen gol bati esker, 1-2 irabazita. 

Eibarri dagokionez, Levante Las Planasen kontrako aurrez aurrekoan galdu egin zuen Yerai Martinen hamaikakoak. Partida hutsean bukatu zen, eta luzapena behar izan zuen Bartzelonako taldeak garaipena eman zion gola sartzeko. Elena Julve izan zen golegia, 108. minutuan.

Ostegun honetan, Athleticen txanda izango da: 20:00etan jokatuko du Granadaren aurka, Nuevo Los Carmenes futbol-zelaian.