Itxi

Futbola

Hypermotion Liga

Amorebieta galtzaile atera da sailkapeneko azken bi taldeen arteko lehiatik (1-0)

Agentziak | EITB MEDIA

Partidako gol bakarra Andy Rodriguezek egin du, penaltiz, Edwardsek baloia area barruan besoarekin argi eta garbi desbideratu ostean, 76. minutuan.

  • Cartagena-Amorebieta

    Cartagena-Amorebieta. Argazkia: Hypermotion Liga.

Amorebietak 1 eta 0 galdu du Hypermotion Ligako 24. jardunaldian Cartagenaren aurka Cartagonova zelaian jokatutako partida. Neurketako gol bakarra bigarren zatian iritsi da, epaileak VARa kontsultatu eta Edwardsek baloia area barruan besoarekin aldendu duela konfirmatu ostean.

Bizkaitarrak hobeto kokatu dira zelaian, eta eurek izan dute lehen zatiko aukerarik argiena. Dorriok aldaratze bat aprobetxatu du, eta horren jaurtiketak zutoina jo du, 17. minutuan.

Bigarren zatian, bizkaitarrek jokoa kontrolatzen jarraitu dute. Cartagenak, aldiz, atzean sartuta itxaron die bisitariei. Eneko Jauregi gola sartzear izan da, area barruan behartuta egindako erremate batean, baina baloia Raul Lizoainen eskuetara joan da.

Cartagenak aurrerapausoa eman du, eta Mikel Ricok eta Jairok arriskua sortu dute Camposen atearen inguruan, baina erremateak kanpora joan zaizkie, gutxigatik.

76. minutuan, epaileak penaltia adierazi du VARean konfirmatu ostean Edwardsek baloia area barruan besoarekin urrundu duela. Andy Rodriguezek jaurti du penaltia, eta etxeko taldeari hiru puntuak eman dizkion gola egin du.

Fitxa teknikoa

1. Cartagena: Raul Lizoain; Ivan Calero, Alcala, Gonzalo Verdu (Kiko Olivas, 82. min), Fontan; Musto, Andy Rodriguez (Jony Alamo, 82. min), Jairo, Tomas Alarcon (Mikel Rico, 60. min); Juanjo Narvaez (Juan Carlos Real, 88. min) eta Alfredo Ortuño (Arnau Ortiz, 60. min).

0. Amorebieta: Pablo Campos; Alvaro Nuñez, Manu Hernando, Etxeita, Garreta; Alex Carbonell (Eraso, 86. min), Erik Moran, (Edwards, 69. min) Angel Troncho (Iker Unzueta, 80. min), Rayco Rodriguez (Jon Morcillo, 80. min); Dorrio eta Eneko Jauregi.

Gola: 1-0, 76. min: Andy Rodriguez, penaltiz.

Epailea: Raul Martín Gonzalez Frances, Las Palmaseko Batzordekoa. Txartel horia atera die Cartagena taldeko Fontan (20. min), Andy Rodriguez (79. min) eta Raul Lizoain (92. min) jokalariei, eta Amorebieta taldeko Alvaro Nuñez (33. min), Garreta (53. min) eta Dorrio (81. min) jokalariei.