Itxi

Futbola

Hypermotion Liga

Hirugarren porrota jarraian jaso du Amorebietak, Racingen aurka etxean 0 eta 1 galduta

Agentziak | EITB Media

Dani Fernandezek lehen zatian falta jaurtiketa batean egindako golak punturik gabe utzi ditu bizkaitarrak. Sailkapeneko zuloan dira, eta salbazioa 9 puntura dute.

  • Amorebietak 0 eta 1 galdu du etxean Racingen aurka

    Amorebietak 0 eta 1 galdu du etxean Racingen aurka. Argazkia: @SDmorebieta

Dani Fernandezek egindako gol ikusgarriak Amorebietak hirugarren porrota jarraian jasotzea eragin du. Fernandezek 25 metrotik egindako jaurtiketa bizkaitarren atean sartu da, eta hiru puntuak kantabriarrei eman dizkie.

Bizkaitarrek bederatzi partida daramatzate ligan garaipenik lortu gabe, azken seiak Jandro Castro entrenatzaile dutela.

Lehen ordu laurdenerako, Racing aurretik jarri da markagailuan, estrategiako jokaldi batean egindako golarekin.

Lehen ordu erdia bete denean, Amorebieta esnatzen hasi da, eta arriskua sortu du Tronchok eta Dorriok hegaletatik egindako jokaldiekin. Tronchok aukera izan du 30. minutuan egindako jaurtiketa batean, baina Ezkieta atezainak arazo handirik gabe harrapatu du baloia. Yriarte ere saiatu da, Dorriok ateratako korner batean, baina zorterik gabe.

Etxekoen aukerarik argiena, hala ere, bigarren zatian iritsi da. Erasok erdiraketa bikaina egin du, baina Jauregik ezin izan du ondo errematatu bigarren zutoinean.

Beste aukera bat ere izan dute etxekoek. Dena den, Raycok ez du ondo kontrolatu Alvaro Nuñezek egindako erdiraketa.

Azken minutuetan, Racingek 0 eta 2koa barkatu du, Mboula Pablo Camposen aurrean bakarrik geratu denean. Jaurtiketa kanpora joan zaio.

Azkenean, 0 eta 1, Amorebieta galtzaile.

Fitxa teknikoa:

0 - Amorebieta: Pablo Campos; Alvaro Nuñez, Bustinza, Etxeita, Felix Garreta; Troncho (Rayco Rodriguez, 71. min), Alex Carbonell (Moran, 77. min), Yriarte (Sibo, 77. min), Dorrio (Morcillo, 63. min); Eraso (Unzueta, 63. min) eta Jauregi.

1 - Racing Santander: Ezkieta; Dani Fernandez, Manu Hernando, German (Ruben Alves, 63. min), Mario Garcia (Saul Garcia, 46. min); Aldasoro, Iñigo; Sangalli (Mboula, 46. min), Peque, Lago Junior (Grenier, 80. min); eta Arana (Ekain, 72. min).

Golak: 0-1, 15. min: Dani Fernandez.

Epailea: Ivan Caparros Hernandez (Valentziako Batzordekoa). Txartel horia atera die Amorebietako Bustinza (29. min) eta Yriarte (41. min) jokalariei, eta Racingeko Mario Garcia (19. min), Sangalli (36. min), Aldasoro (38. min) eta Peque (93. min) jokalariei.