Itxi

Futbola

HYPERMOTION LIGA

Amorebietak garaipena lortu du Elxen aurka (1-0), zazpi jardunaldi irabazi gabe eman ondoren

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Bizkaiko taldeak 1 eta 0 irabazi dio Elxi, Lezaman jokatutako Hypermotion Ligako 26. jardunaldiko partida. Dorriok sartu du neurketako gol bakarra.

  • Iker Unzueta, Amorebieta - Elx neurketan. ARGAZKIA: SD Amorebieta

    Iker Unzueta, Amorebieta - Elx neurketan. ARGAZKIA: SD Amorebieta

Amorebietak amaiera eman dio bolada txarrari, Elx 1-0 menderatuta Lezaman, Hypermotion Ligako 26. jardunaldiko partidan. Bizkaiko taldeak zazpi jardunaldi zeramatzan garaipenik lortu gabe. Dorriok sartu du neurketako gol bakarra.

Bi taldeek neurketa erasokor hasi dute, eta bisitarien erdiraketa arriskutsuek arazoak sortu dituzte urdinen atzeko lerroan. Nico Castrok Elx markagailuan aurreratzeko abagunea izan du, urrutitik egindako jaurtiketa batean, baina Campos atezainak hatz puntekin desbideratu du jaurtiketa.

Aldageletara joan aurretik, Dorriok izan du Amorebietaren aurkera garbiena, baina ez du asmatu, eta, ondorioz, 0-0 iritsi dira atsedenaldira.

Bigarren zatia hasi eta gutxira, Dorrioren errematea kanpora joan da. Hala ere, azkenean, 56. minutuan, Dorriok berak Alvaro Nuñezen erdiraketa bikaina baliatu du Zornotzako taldea aurreratzeko.

Etxekoen golaren ostean, Elx berdinketaren bila joan da, baina Bizkaiko taldea sendo aritu da defentsan. Sibok gertu izan du 2-0ekoa, Unzuetaren erdiraketa indartsu batean, baina ez du gauzatu.

Bisitariek beste hiru aukera garbi izan dituzte berdinketa lortzeko. Batetik, Mourad ez da fin ibili, eta bestetik, Garcesen burukada kanpora joan da.

Azkenean, 1-0 Amorebietaren alde Lezaman.

Fitxa teknikoa:

1 - Amorebieta: Pablo Campos; Alvaro Nuñez (Gaya, 84. min), Bustinza, Etxeita, Felix Garreta, Seguin (Jorge Mier, 72. min); Alex Carbonell (Yriarte, 72. min), Sibo; Dorrio, Rayco Rodriguez (Edwards, 79. min); eta Unzueta (Jauregi, 79. min).

0 - Elx: Dituro; Sergio Carreira, John Donald, Bigas, Clerc; Mario Gaspar (Josan Fernandez, 60. min), Febas (Borja Garces, 74. min); Nico Fernandez (Bermejo, 60. min), Nico Castro, Mendoza; eta Manu Nieto (Mourad, 60. min).

Golak: 1-0, 56. min: Dorrio.

Epailea: Miguel González Díaz (Asturiasko Batzordekoa). Ez du txartelik atera.