Itxi

Futbola

ZURRUMURRUA

Kylian Mbappek dagoeneko PSGri jakinarazi dio udan taldea utziko duela, Frantziako hedabideen arabera

O. Z. A. | AGENTZIAK

PSGko izarrak kontratua beteko du eta uko egingo dio beste denboraldi batez luzatzeko klausulari. Gauzak horrela, aurrelari frantziarrak eta PSGk euren bideak banatuko dituzte zazpi denboraldiren ondoren RMC Sport, L 'Equipe edo The Athletic hedabideek jakinarazi dutenez.

  • Kylian Mbappe, Champions Leagueko Realaren aurkako neurketan, Zubeldia aurrean duela. ARGAZKIA: EFE

    Kylian Mbappe, Champions Leagueko Realaren aurkako neurketan, Zubeldia aurrean duela. ARGAZKIA: EFE

Kylian Mbappe jokalari frantziarrak Paris Saint-Germaini jakinarazi dio denboraldi honen amaieran taldea utziko duela. Frantziako hainbat hedabideren esanetan, PSGko izarrak gelditzen zaion kontratua beteko du eta kontratua luzatzeko klausulari uko egingo dio. Hori guztia, Champions Leagueko final-zortzirenetan Realaren aurka partida bikaina jokatzearen biharamunean. Frantziarrak 1-0ekoa sartu zuen Pariseko taldea aurreratzeko.

Hala ere, aurrelari frantziarraren agur ofizialak gehiago itxaron beharko du, RMC Sporten arabera, bere irteeraren baldintzak oraindik zehazteke baitaude. 

Azken urtetan Real Madrilekin lotu zaio gehienbat eta badirudi jokalaria fitxatzeko lehian faborito argia dela. Hala ere, Mbapperen eta Real Madrilen artean akordiorik ez dagoela azpimarratu dute Frantziako hedabideek. The Athletic-ek jakinarazi duenez, aurrelariak urtarriletik ezagutzen du Real Madrilen eskaintza eta urte hasieratik negozia dezakete, ekainean kontratua amaitzen zaiola ikusita.

Beraz, dirudienez Frantziako aurrelariak eta PSGk euren bideak bananduko dituzte zazpi denboraldiren ostean.