Itxi

Futbola

Nations League

Espainiak Nazioen Ligako finalerako txartela lortu du, eta Olinpiar Jokoetarako sailkatu da

EITB Media

Espainiako selekzioak 3 eta 0 irabazi dio Herbeheretakoari, eta Nazioen Ligako finalera sailkatu da. Gainera, 2024ko Olinpiar Jokoetan parte hartzea bermatu du.

  • Espainia

    Espainiako selekziokojokalariak, garaipena ospatzen Cartuja estadioan. Argazkia: EFE

Espainiako emakumezkoen selekzioak 3 eta 0 irabazi zion Herbeheretakoari, ostiralean, otsailaren 24an, eta Nazioen Ligako finalerako txartela eskuratu zuen. Gainera, Espainiak Olinpiar Jokoetarako sailkapena lortu du, lehenengoz.

Oihane Hernandez, Irene Paredes, Maite Oroz, Lucia Garcia eta Elene Lete dira Espainiako selekzioarekin ari diren euskal jokalariak; bestalde, Damaris Egurrolak jokatu zuen Herbehereekin. Paredesek hasieratik jokatu zuen; Oihane Hernandez 73. minutuan zelairatu zen, eta Lucia Garcia 82.ean. Herbeheretako selekzioan Egurrola bigarren zatiaren hasieran (46. min) berdeguneratu zen.

Espainia nagusi izan zen hasieratik amaieraraino. Hala ere, Montse Tomek zuzendutako taldeari kosta egin zitzaion lehen gola sartzea. Kostata izan bazen ere, Jenni Hermosok sartu zuen 1-0ekoa, 40. minutuan. Gero, bost minutu beranduago, Aitana Bonmatik egin zuen 2-0ekoa.

Bigarren zatian, Espainiako selekzioak aurkariak baino gehiago izaten jarraitu zuen, eta Ona Battleren golarekin (3-0) biribildu zuen garaipena.

Fitxa teknikoa:

3 - Espainia: Coll; Ona Battle, Laia Codina, Irene Paredes, Olga Carmona (Ohiane, 73. min); Aitana Bonmatí, Laia Aleixandri, Jenni Hermoso (Vicky Lopez, 73. min); Athenea (Redondo, 62. min), Mariona (Eva Navarro, 82. min) eta Salma Paralluelo (Lucia Garcia, 82. min).

0 - Herbehereak: Daphne van Domselaar; Casparij, Dijkstra, Janssen (Wilms, 68. min), Brugts (Jansen, 79. min); Groenen, Spitse, Van de Donk (Kaptein, 86. min); Beerensteyn (Snoeijs, 68. min), Miedema (Egurrola, 46. min) eta Martens.

Golak: 1-0, 40.min: Jenni Hermoso. 2-0, 45. min: Aitana Bonmati. 3-0, 77. min: Ona Batlle.

Epailea: Rebecca Welch (Ingalaterra). Ez zuen txartelik atera.