Itxi

Futbola

HYPERMOTION LIGA

Amorebietak garaipena bereganatu du Zaragozaren aurka, azken hasperenean

SAIOA ASLA | EITB MEDIA

Zornotzako taldeak 0-1eko emaitzarekin irabazi du Romaredan, Hypermotion Ligako 29. jardunaldiko partidan. Morcillok sartu du partidako gol bakarra, 97. minutuan.

  • Real Zaragoza-SD Amorebieta Morcillo

    Real Zaragoza-SD Amorebieta Morcillo. Irudia: @SDAmorebieta

Amorebietak 0 eta 1 irabazi dio Zaragozari, igande honetan, martxoaren 3an, Romaredan jokatutako Hypermotion Ligako 29. partida. Horrenbestez, 24 puntu ditu jada, eta azken postuan jarraitzen duen arren, zazpi puntura du salbazioa.

Lehen zatia parekatua izan da. Etxeko taldeak erasokorrago ekin dio lehiari, baina bi taldeei asko kostatu zaie abagune argiak sortzea. Zaragoza gehiago hurbildu da Amorebietak babestutako ate ingurura; hala ere, Zornotzako taldeko jokalariek lan ona egin dute defentsan.

Amorebietak saiakerak egin ditu area kanpoko jaurtiketen bidez, baina ez du gola sartzeko aukera argirik izan. Atsedenaldira iritsi aurretik, Aragoiko taldeak abagunea izan du; Germanen jaurtiketa, ordea, Campos atezainak gelditu du. Beraz, ez da golik egon lehen 45 minutuetan (0-0).

Bigarren zatian ez da asko aldatu norgehiagokaren gidoia. Baloi jabetza Zaragozak izan du, baina Amorebietak ez du gehiegi sufritu. Atsedenaldiaren ostean ere, abaguneak urriak izan dira.

Neurketako 75. minutuan izan du gola sartzeko aukera Zaragozak; Toni Moyaren falta jaurtiketa kanpora joan da gutxigatik. Bost minutu geroago, Amorebietaren erantzuna etorri da: Morcilloren jaurtiketak langa jo du, eta, ondoren, Siboren errematea Edgar Badia atezainak gelditu du.

Bazirudien partida golik gabe amaituko zela, bi taldeak ez direlako fin ibili erasoan. Hala ere, azken jokaldian, Morcillok gola sartu du falta jaurtiketa batean (0-1), eta hiru puntuak eman dizkio Amorebietari.

Fitxa teknikoa:

0 - Real Zaragoza: Edgar Badia; Zedadka, Mouriño, Lluis López (Lecoeuche, 76. min), Frances, German Valera; Francho (Ivan Azon, 46. min), Marc Aguado, Toni Moya (Terrer, 76. min); Maikel Mesa (Sergi Enrich, 65. min) eta Mollejo (Manu Vallejo, 86. min).

1 - Amorebieta: Campos; Nuñez (Jorge Mier, 73. min), Bustinza, Etxeita, Felix; Dorrio, Sibo, Erik Moran (Yriarte, 73. min), Morcillo; Unzueta (Rayco, 86. min) eta Edwards (Lasure, 61. min).

Golak: 0-1. 90+7. min: Morcillo.

Epailea: Milla Alvendiz (Andaluziako batzordekoa). Txartel horia atera die Mollejo, Mouriño eta Lluis Lopez Real Zaragoza taldeko jokalariei, eta Morcillo Amorebieta taldekoari.