Itxi

Reala

Camp Nou estadioan

Realak ezin izan du, Barça indartsuaren aurka (4-1)

Erredakzioa

Kataluniako taldea jaun eta jabe izan da, eta txuri-urdinek ezin izan dute euren jokoa egin. Neymar eta Messi amesgaiztoa izan dira Realaren defentsarentzat.

  • Realaren porrota, Barçaren aurka. Argazkia: EFE

    Realaren porrota, Barçaren aurka. Argazkia: EFE

Gipuzkoako taldeak porrota jaso du Bartzelona indartsuaren aurka (4-1). Lehenengo zatian, Barçak erakustaldia eman du, eta Neymarrek, Messik eta Busquetsek 3-0ekoa jarri dute markagailuan. De la Bellak Realaren gola egin du, bigarren zatian, baina Bartrak 4-1ekoa jarri du, 77. minutuan.

Norgehiagokako aurreneko abagune argia Realak izan du, lehenengo minutuan, baina Seferovicek langara jaurti du. Txuri-urdinak ametsetik esnatu dira, eta Bartzelonak neurketaren kontrol osoa hartu du. Arrasateren gizonek ezin izan dute arnasarik hartu, eta Neymarrek 1-0ekoa jarri du markagailuan (5. minutua). Realak akats larria egin du defentsan, eta brasildarrak baloia sareetara bidali du. 7. minutuan, Leo Messik 2-0ekoa lortu du, Neymarren erdiraketa ederra aprobetxatuta.

Gipuzkoako taldeak ezin izan du suspertu, eta ‘Tata’ Martinoren gizonek arazorik gabe kontrolatu dute partida. Neymarrek eta Alexisek abagune argiak huts egin dituzte, eta Bravok gelditu erabakigarriak egin ditu. Jarraian, Xabi Prieto lesionatu egin da, eta kapitainaren ordez Agirretxe sartu da. Lehenengo zatiko 23. minutuan, Sergio Busquetsek Bartzelonaren hirugarren gola egin du, urruneko jaurtiketa indartsu batekin (3-0).

Bigarren zatian, Kataluniako taldeak erasoan intentsitate berdinarekin jarraitu du, eta Realak ezin izan du erantzunik eman. Messik hutsegite handia egin du, Bravoren aurrean bakarrik gelditu ondoren. Argentinarrak baloia langa gainetik jaurti du. 63. minutuan, Agirretxek kontrol ederra egin du area barruan, eta pase ederra eman dio De la Bellari, kataluniarrak markagailuan 3-1ekoa jartzeko.

Arrasateren gizonek erasoan hobeto jokatu dute, eta Valdesen area ingurura arriskua eraman dute. Hala ere, 'Tata' Martinoren taldeak erritmo biziarekin jarraitu du, eta Bartrak 4-1ekoa jarri du markagailuan (77. minutua). Messik jokaldi ederra egin du hegaletik hasita, eta Bartzelonako zentralak aise gainditu du Claudio Bravo atezaina. Azkenean, hiru puntuak Kataluniako taldearentzat izan dira.

- Fitxa teknikoa:

4. Bartzelona: Valdes; Alves, Pique, Mascherano (Bartra, 35. minutuan), Adriano; Sergio, Xavi, Iniesta, Alexis, Messi (Sergi Roberto, 80. minutuan) eta Neymar (Pedro, 74. minutuan).

1. Reala: Bravo; Estrada (Ansotegi, 46. minutuan), Cadamuro, Iñigo Martinez, De la Bella; Markel, Ros (pardo, 77. minutuan), Xabi Prieto (Agirretxe, 21. minutuan), Sangalli; Seferovic eta Griezmann.

Golak: 1-0, 5. minutuan: Neymar. 2-0, 8. minutuan: Messi. 3-0, 23. minutuan: Busquets. 3-1, 64. minutuan: De la Bella. 4-1, 77. minutuan: Batra.