Itxi

Reala

1-2, Getaferen aurka

Zaplaztekoa Anoetan

Erredakzioa

Madrildarrek luzapenean lortu dute garaipena, Yodaren golari esker (93. minutuan).

1:45

Realak porrot mingarria jaso du Getaferen aurka (1-2), Anoetan jokatutako zortzigarren jardunaldiko partidan. Yodak egin du garaipenaren gola, 93. minutuan.

Hasiera itxaropentsua izan den arren, txuri-urdinen jokoa eskasa izan da lehen zatian. Sarabiak izan du, 3. minutuan, partidako aurreneko gol aukera, baina Zubikaraik arriskua urrundu du.

Realak baloiaren jabetza nahi zuen, baina Getafek bikain estali ditu hutsune guztiak, eta txuri-urdinen jokoa erabat oztopatu du. 18. minutuan, gola sartzeko abagune ona izan du Sammirrek, baina ez da errematatzera heldu. Hamar minutu geroago, zutoinera bidali du baloia Sarabiak, eta Chory Castroren jaurtiketak ere zutoinean jo du, 29.ean.

Jokaldi horrek bultzada eman dio Arrasateren taldeari, eta 31.ean Guaita ezustean harrapatzeko zorian izan da Zurutuza. Baloia gora joan zaio, gutxigatik. Baina Reala ez da jokoari jarraipena emateko gai izan.

Txuri-urdinak hobeto zelairatu dira bigarren zatian, eta 52. minutuan markagailua estreinatzeko gol aukera izan du Finnbogasonek. Guaitak kornerrera bidali du islandiarraren jaurtiketa. Realaren jokoak hobera egin du nabarmen, eta golaren bila aritu dira. Jarrera positiboagoa zen, baina jokoak sakontasuna behar zuen. 72. minutuan, Getafek gola egitea saihestu du Zubikaraik. Ondarroako atezainak Michelen jaurtiketa asmatu eta baloia aldaratu du.

Realaren gola Pablo Herviasek egin du, 82.ean. Carlos Velak bigarren zutoinean jarri du baloia, eta gazteak baloia ukitu baino ez du egin behar izan (1-0). Baina Yodak norgehiagoka berdindu du 89.ean, eta garaipenarena egin du 93.ean, atzelarien akatsa baliatuta. Zaplaztekoa.

Fitxa teknikoa:

1.- Reala: Zubikarai; Zaldua, Ansotegi, Iñigo Martinez, Yuri; Bergara, Zurutuza, Xabi Prieto (Agirretxe,78'); Chory Castro (Hervias, 73'), Vela eta Finngobason (Canales, 60').

2.- Getafe: Guaita; Escudero, Alexis, Velazquez, Varela; Lacen (Babam, 85'), Juan Rodriguez, Fredy (Lafita, 69'); Yoda, Sammir, Sarabia (Michel, 60').

Golak:

1-0, 82': Hervias.

1-1, 89': Yoda.

2-1, 90+3': Yoda.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Reala gaur