Itxi

Reala

Esperotako topaketa

David Moyes Zubietan izan da, estreinakoz

ERREDAKZIOA

Jokalariak eta Realeko langileak agurtu ditu, eta entrenamendua gertu-gertutik ikusi du. Aurkezpen ofiziala ostegunean izango da, 17:00etan.

1:05

David Moyes lehen aldiz izan da Zubietan, Realaren entrenamendua ikusten. Eskoziarrak oso gertutik, berdegunetik bertatik, jarraitu du saioa.

Moyes eguerdian iritsi da Donostiara, Erresuma Batutik.

Zubietakoa izan da kazetariekin eta zaleekin izan duen lehen harremana. Entrenatzaile berria berdegunean izan da, entrenamendua ikusten, Lorenzo Juarros 'Loren' Realeko Kirol zuzendariarekin eta Erik Bretos teknikari txuri-urdinarekin batera. Bretosek itzultzaile lanak egin ditu.

Everton eta Manchester United taldeetako entrenatzaile ohia 13:45ean iritsi da Biarritzeko aireportura, hegaldi pribatu batean. Bertatik, Donostiara joan da, hotel batean ostatu hartzera.

Zubietara bisita

Bazkari azkarra egin ondoren, Zubietara joan da, lehen taldeko kideak, teknikariak eta Realeko langileak banan-banan agurtzera. "¡Hola! Kaixo!" izan dira donostiarren entrenatzaile berriak esan dituen lehen hitzak.

Eskoziarrak erne jarraitu du Realeko mutilen entrenamendua zelai erditik, Lorenekin eta Bretosekin batera. Lan-saioan partidatxoa jokatu dute, eta jokalariak bizitasun handiarekin aritu dira.

Moyesek denbora luzea eman du telefonoz hitz egiten zelai erdian, eta bertatik ateratzean irribarre handi batez agurtu ditu bertara hurbildu diren jarraitzaileak.

Aurkezpena, zuzenean, ETB4n eta eitb.eus-en

Machester United eta Everton taldeetako entrenatzaile izandakoak arestian aipatutako umore onez alde egin du Zubietatik, baina ez ditu hitzartutako argazkiak atera. Dirudienez, bihar goizeko entrenamenduan ere ez da izango, eta, azken egunotan bezala, Santanak eta Alguacilek eramango dute gidaritza. Ostegun arratsaldean izango da aurkezpen ofiziala.

Moyesen fitxaketak sekulako oihartzuna izan du Europan, britainiar hedabideetan bereziki. Gainera, horietako asko eskoziarraren aurkezpenean egongo dira. Ostegun honetan, 17:00etan, aurkeztuko dute, eta gurean jarraitzeko aukera izango duzue, zuzenean, eitb.eus atarian.