Itxi

Reala

Ideia berriak

Moyesek entrenamenduak areagotu ditu estreinaldia prestatzeko

ERREDAKZIOA

Realeko aro berri honetarako bere plangintza eta joko taktikoa ahalik eta arinen ezarri nahi du eskoziarrak.  

  • David Moyes Realeko entrenatzailea. Argazkia: EITB

David Moyes Realeko entrenatzaile berriak entrenamenduak biziagotu ditu larunbateko estreinaldia, Coruñako Deportivoren aurkako partida, prestatzeko. Horretarako, astelehen eta astearte arratsalderako, egutegian aurreikusita ez zeuden entrenamendu luzeak antolatu ditu, ezustean.

Ideia berritzaileekin etorri da eskoziarra, eta Zubietan ezarri nahi duen lan bizia bere berrikuntzetako bat izango da. Txuri-urdinak entrenatzen eman dituen bi egun hauetan, gainera, ustekabean bi entrenamendu jarri ditu arratsaldez.

Realeko aro berri honetarako bere plangintza eta joko taktikoa ahalik eta arinen ezarri nahi du Moyesek. Jokalari batzuen arazo fisikoak direla-eta, baina, ezin izan du bere helburua berak nahi bezala bete.

Mikel Gonzalezek, esaterako, Deportivoren aurkako neurketa galduko du, faringeko infekzio baten ondorioz ospitaleratu dutelako astelehenean, eta, gainera, arazo muskularrak dituelako. Beraz, Gorka Elustondo edo Ion Ansotegi arituko da haren ordez.

Xabi Prieto zalantzan dago oraindik, eta Chory Castro ere bere kabuz entrenatu da asteartean. David Zurutuza eta Iñigo Martinez, berriz, indarberrituta itzuli dira saioetara.

Astearteko lansaioan Moyesek izan duen beste gabezietako bat Carlos Vela izan da, Mexikoko selekzioarekin jarraitzen baitu. Alfred Finngobason, bere aldetik, bueltan da jada, Islandiarekin jokatu ondoren.