Itxi

Reala

Derbia Anoetan

Agirretxeren golek garaipena eman diote Realari Eibarren aurka (2-1)

Donostiarrek bigarren partida jarraian irabazi dute etxean, aurrelariak neurketa amaieran egindako golari esker. Eibarrek ez du porrota merezi izan, batez ere markagailuan aurretik jarri ondoren.

  • Agirretxe, neurketako jokaldi batean. Argazkia: Efe.

    Agirretxe, neurketako jokaldi batean. Argazkia: Efe.

Realak Eibarri irabazi dio Anoetan jokatutako euskal derbian, Imanol Agirretxek egindako bi golei esker. Aurrelari txuri-urdinak hamaika gol egin ditu dagoeneko, aurtengo denboraldian. Partida orekatua izan da, gol-aukera gutxikoa.

Lehen abisua Kekok eman du hirugarren minutuan, baina bere erdiraketa pozoitsuari erantzun bikaina eman dio Gero Rullik baloia kornerrera bidaliz.

Handik gutxira iritsi da armaginen lehen gola. Donostiarrek baloia galdu dute, Enrichek Borja Bastoni bidali dio eta honek gol egin du, bere zazpigarrena, eibartarrak aurretik jartzeko.

borja bastón eibar gol efe

Mendilibarren mutilak Reala baino gehiago izan dira lehen zatian, baina Realak ez du luze itxaron behar izan berdinketa lortzeko. 9. minutuan, Agirretxek banakoa jarri du markagailuan. Aurrelari donostiarrak 10 gol egin ditu jada aurtengo denboraldian.

Apurka-apurka, Eusebioren taldeak baloiaren jabetza eta partidaren kontrola hartu ditu, baina arriskurik sortu gabe. Atsedenaldiaren atarian, armaginak suspertu egin dira eta Baston bigarrena sartzear izan da, baina errematatzerakoan kale egin du.

Reala, nagusi bigarren zatian

Bigarren zatian, Eusebioren taldeak Eibar estutu du eta armaginek sufritu egin dute emaitzari eusteko. Hala ere, armaginek ez dute lekua galdu.

53. minutuan, Carlos Velak baloia erdiratu du eta Agirretxe bigarrena sartzear izan da, baina baloia ukitzera bakarrik iritsi da eta ez dio ate barrura sartzeko behar bezalako indarrik eman.

Agirretxek 11, gol

Hurrengo minutuetan ez da aukera argirik izan, donostiarrak nagusi izan diren arren. Azken minutuetan, Joanatasek eta Agirretxek arriskua sortu dute baina ez dute errematean asmatu. Eta berdinketa emaitza ona zela zirudienean, Imanol Agirretxek Realaren bigarrena egin du, 90. minutuan, Brumak egindako jokaldiaren ondorioz.

Azkenean, Reala garaile Anoetan; hiru puntu oso garrantzitsu lortu dituzte donostiarrek. Eibarrek, berriz, ez du hainbesteko zigorra merezi izan.

 

Fitxa teknikoa:

2.- Reala: Rulli; Elustondo, Iñigo, Mikel González (Carlos Martínez, 78. min), Yuri; Illarramendi, Granero, Xabi Prieto (Bruma, 77. min); Canales, Vela (Jonathas, 67. min) eta Agirretxe.

1.- Eibar: Riesgo; Juncá, Dos Santos, Pantic, Capa (Lillo, 61. min); Gonzalo, Adrian (Ramis, 85. min), Keko (Inui, 46. min), Saúl; Sergi Enrich eta Borja Bastón.

Golak: 0-1, 3. min: Borja Bastón. 1-1,  9. min: Agirretxe. 2-1, 90. min: Agirretxe.