Itxi

Reala

Asteartean, 21:00etan

Realak PSGren aurkako kanporaketa irauli nahi du, Txapeldunen Ligako final-laurdenetan sartzeko

Agentziak | EITB MEDIA

Donostiarrek 2 eta 0 galdu zuten joaneko partidan eta, zail duten arren, ezustekoa eman nahi dute azken asteetako emaitza kaskarren bolada eteteko.

  • Mikel Merino eta Kylian Mbappé, Parisen jokatutako joaneko partidan

    Mikel Merino eta Kylian Mbappé, Parisen jokatutako joaneko partidan. Argazkia: Efe.

Realak balentria egin nahi du asteartean Txapeldunen Ligan, PSGren aurkako final-zortzirenetako kanporaketa iraulita. Talde frantziarrean ez da giro Kylian Mbappe aurrelaria eta izar nagusiak talde utziko zuela iragarri zuenetik.

Talde txuri-urdinak joaneko 2 eta 0ekoari buelta eman nahi dio, lehiaketan aurrera egiteko eta azken asteetako emaitza eta joko kaskarrak ahaztarazteko.

Baina bada albiste onik larunbatean Sevillaren aurka, Ligan, 3 eta 2 galdu zutenetik: Aritz Elustondo eta Ander Barrenetxea entrenatzen hasi dira berriro, eta badirudi haien errekuperazioa bide onetik doala.

Aspaldiko partez, baja gutxi ditu Imanolek hamaikakoa egiteko, hiru bakarrik: Alvaro Odriozola, Aihen Muñoz eta Carlos Fernandez. Realeko entrenatzaileak ia jokalari guztiak ditu jokatzeko prest, denboraldiko partida garrantzitsuenetariko bati begira.

Paris Saint Germain taldeari dagokionez, talde frantziarra konfiantzarekin da joaneko emaitzari esker, baina hankak ere lurrean ditu, joaneko partida hartan Realak estu eta larri jarri baitzituen momentu askotan.

Luis Enriqueren taldea ez da joko ona egiten ari, emaitzetan gehiegi nabari ez arren. Entrenatzaile espainiarrak aurrera egin nahi du lehiaketan bere taldearen irudia hobetzeko.

Ustezko hamaikakoak:

Reala: Remiro; Traore, Zubeldia, Le Normand, Galen; Zubimendi, Merino, Brais; Kubo, Oyarzabal eta Barrenetxea edo Becker.

PSG: Donnarumma; Hakimi, Marquinhos, Beraldo, Lucas Hernandez edo Nuno Mendes; Zaïre-Emery, Vitinha, Fabian Ruiz edo Ugarte; Dembele, Mbappe eta Barcola.

Epailea: Michael Oliver (ENG).

Estadioa: Reale Arena.

Ordua: 21.0etan.