Itxi

Txapeldunen Liga

Finalaurrekoak

Bina berdinduta, Bayern Munichen eta Real Madrilen arteko kanporaketa Bernabeun erabakiko da

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Real Madril aurreratu zen markagailuan, Viniciusen gol batekin. Bigarren zatian, Bayernek emaitza irauli zuen arren, Viniciusek penaltiz sartutako golarekin, bina berdinduta amaitu zen neurketa.

  • Kane (Bayern) eta Kroos (Real Madril), Allianz Arenako partidan

    Kane (Bayern) eta Kroos (Real Madril), Allianz Arenako partidan. EFE

Bayern Munichek eta Real Madrilen bina berdindu zuten astearte gauean, Allianz Arenan, Txapeldunen Ligako finalaurrekoetako joaneko partidan. Vinicius Juniorrek egin zituen Madrilgo taldearen bi golak: Alemaniako taldearenak, ordea, Leroy Sanek eta Harry Kanek.

Etxekoek 40. minutuan izan zuten lehen gol-aukera. Noussair Mazraoui ezker-hegaleko jokalaria hiru laurdenetako lerrora iritsi zen, eta erdira pasea egin zion Harry Kanei, hark Leroy Saneri, Antonio Rüdiger defentsari lekua irabazi baitzion bizkarretik. Ondoren, Sanek, Kanek eta Musialak aukerak izan zituzten arren, ez zuten aprobetxatzerik izan. 23. minutuan, Viniciusek egin zuen Real Madrilen lehen gola, Kroosen pase eder baten ostean.

Bigarren zatian, talde zuria hurbildu zen lehenik arerioaren atera: Nacho Fernandezek, talde alemaniarraren pase bat moztu ondoren, kontraerasora jo zuen. Viniciusi pasa zion baloia, eta Min-jae atzean uztea lortu zuen brasildarrak, jokaldia Bellinghamen esku utzita. Aurrelari ingelesak, Kroos ezker hegaletik zetorrela ikusita, hari bideratu zion baloia, baina erdilari alemaniarraren jaurtiketa Neuerek geratu zuen.

Handik minutu batzutara, Bayernen erreakzioa iritsi zen, eta lau minutu baino ez zituen behar izan markagailua iraultzeko. Lehenik eta behin, Sanek berdindu zuen 53. minutuan, eta 57. minutuan, Kanek penaltiz sartu zuen bigarrena. Dena den, joanekoa amaitzeko minutu gutxi falta zirela, 83. minutuan, Viniciusek binako berdinketa egin zuen, penaltiz horrek ere. Horrenbestez, maiatzaren 8an Santiago Bernabeuko itzulikoan erabakiko dute norena izango den finalerako txartela.

Fitxa teknikoa

Bayern Munich (2): Neuer; Kimmich, Dier, Min-jae, Mazraoui; Goretzka (Guerreiro, 46. min), Laimer; Sane (Davies, 87. min), Müller (Gnabry, 80. min), Musiala; eta Kane.

Real Madril (2): Lunin; L.Vazquez, Rüdiger, Nacho (Camavinga, 65. min), Mendy; Tchouameni, Valverde, Kroos (Brahim Diaz, 76. min); Bellingham (Modric, 76. min), Rodrygo (Joselu, 87. min) eta Vinicius.

-Golak:

0-1, 24. min: Vinicius.

1-1, 53. min: Sane.

2-1, 57. min: Kane.

2-2, 83. min: Vinicius (p).

-Epailea: Clement Turpin (Frantzia). Txartel horia atera zion Mazraouiri (44. min) eta Min-jaeri (82. min) Bayern Munichen, eta Kroosi (64. min) eta Lucas Vazquezi (90+1. min) Real Madrilen.

-Zelaia: Allianz Arena.