Itxi

X-deportes_campeonato parejas-X

X-deportes_campeonato parejas-X

Binakakoa

FINALEAN IZANGO DIRA

Laso eta Imaz, Binakako Txapelketako lehen finalistak

EITB MEDIA

Altunak eta Tolosak Peña eta Mariezkurrena garaituta, Baikoko bikotea Binakako txapelketako finalerako sailkatu da.

  • Laso eta Imaz

    Laso eta Imaz ligaxkako bigarren garaipena ospatzen. Argazkia: EITB Media

Lasok eta Imazek Binakako Txapelketako finalerako lehen txartela lortu dute Altunak eta Tolosak Peña eta Mariezkurrena menderatu ostean (22-15). Hortaz, aurrelari nafarrak eta atzelari gipuzkoarrak Nafarroa Arenako finala jokatuko dute apirilaren 2an.

Baikoko bikoteak lehen jardunaldian 22-21 menderatu zituen Altuna eta Tolosa. Partida ikusgarria izan zen, Aspekoak 12-4 aurreratu ziren. Lasok eta Imazek jokoan hobetu eta 9-0eko partzialarekin markagailua irauli zuten. Urdinek, ordea, ez zuten amore eman eta berriro lortu zuten markagailua alde jartzea. Hala ere, 21-21 berdindu zen partida, eta azkenean, Lasok eta Imazek eskuratu zuten puntua.

Bigarren jardunaldian, berriz, Laso eta Imaz hasieratik nagusitu ziren Elordi eta Zabaletaren aurka. Mallabiako aurrelaria ez zen fin ibili. Baikokoak 15-10 jarri ziren aurretik, baina Aspekoak erantzuteko gai izan ziren eta 19-19 berdindu zen norgehiagoka. Lasok, baina, ez zuen aurretik egindako lana galdu nahi izan eta azken hiru tantoak berak egin zituen finalerako sailkapena ia itxita utziz.

Bi garaipenekin, Altuna eta Tolosaren garaipenaren zain geratu ziren Laso eta Imaz eta, gipuzkoarrek erdietsitako garaipenari esker, Baikoko bikotea da Binakako Txapelketako lehen finalista.

Altuna-Tolosa vs Elordi-Zabaleta, finalerako lehian

Altuna-Tolosa eta Elordi-Zabaleta bikoteek jokatuko dute finalerako bigarren txartela lortzeko partida. Izan ere, garaipen banarekin, Binakako Txapelketako azken jardunaldian neurtuko dituzte indarrak Bilboko Bizkaia frontoian, datorren igandean, martxoaren 26an.

Altunak eta Tolosak, Peña eta Mariezkurrena garaituta, azken jardunaldira sailkatzeko aukerekin iristea ziurtatu dute. Izan ere, bi bikoteak lehen jardunaldiko partidak galduta heldu dira bigarrenera. Emaitza horrekin, gainera, Peña eta Mariezkurrena finalera iristeko aukerarik gabe geratu dira.