Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Finala

Ezkurdia eta Mariezkurrena, 2023ko CaixaBank Masterseko txapeldunak Altuna eta Imaz garaituta (22-6)

I. G. | EITB MEDIA

Gorriak nagusi izan dira frontoian eta ez diete txapelarekin amesteko aukerarik ere eman urdinei.

1:48
Ezkurdia eta Mariezkurrena

Joseba Ezkurdiak eta Jon Mariezkurrenak irabazi dute 2023ko CaixaBank Masters txapelketa, igande honetan 22-6 gailendu ondoren Jokin Altunaren eta Ander Imazen aurka Nafarroa Arenan jokatutako final handian. Gorriak nagusi izan dira frontoian eta ez diete txapelarekin amesteko aukerarik ere eman urdinei.

Bi bikoteek ostiralean lortu zuten finalerako txartela, finalerdietan aurkariak gaindituta. Ezkurdiak eta Mariezkurrena II.ak 22-20 irabazi zieten Jaka eta Martijari; Altuna III.a eta Imaz, berriz, 22-13 nagusitu ziren Peña II.aren eta Rezustaren aurka.

Ezkurdia-Mariezkurrena bikoteak, gaur gorriz, hobeto hasi du partida eta bizkor hartu diete aurrea aurkariei (8-1). Arbizuko aurrelaria fin ibili da eta tantoak bukatzeko kolpeak nahi bezala atera zaizkio, horretarako "lagun" onenak gantxoak izan dituelarik. Sakeak tantoaren gidoia bideratzeko aukera eman diete gorriei, eta Altunari zaildu egin zaizkio defentsa lanak lautik aurrera.

Ezkurdiaren huts batek sakea eta pilota aldatzeko aukera eman die urdinei eta jokoa parekatuagoa bilakatu da. Altuna erosoago ibili da eta Imazek asko lagundu dio, pixkanaka markagailuan hurbiltzen hasiz (8-4).

Baina Ezkurdia eta Mariezkurrenari dena ondo atera zaie, batez ere atzelariari, pilota gehienak bederatzitik atzera jaurti baititu. Hala, berriz egin diete ihes markagailuan eta partida ahalik eta bizkorren erabakita utzi nahi zutela zirudien (14-4).

Hortik aurrera urdinek ezin izan dute aurrera egin eta gorriak jaun eta jabe izan dira. Azkenean, Ezkurdiak eta Mariezkurrenak iazko txapela berretsi dute 22-6 irabazita Altuna eta Imazi.