Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Eusko Label Winter Series

Goikoetxea eta Lekerika, 12 puntu lortuta, Eusko Label Winter Serieseko finalaurrekoan izango dira

EITB MEDIA

Txapelketako zazpigarren jardunaldian, astelehenean, bi jokotan menderatu dituzte Goitia eta Basque, 15-14 eta 15-5. Hala, jokatutako hiru partidak irabazita, Goikok eta Lekerikak A multzoko lehenengo postua lortuta dute; Alex Goitiak eta Thibault Basquek lau puntu dituzte.

1:03
Goikoetxea eta Lekerika, Eusko Label Winter Serieseko finalerdietan

Iñaki Osa Goikoetxeak eta Unai Lekerikak Alex Goitia eta Thibault Basque menderatu dituzte astelehenean, bi jokotan, 15-14 eta 15-5, 2023-24ko Eusko Label Winter Series txapelketako zazpigarren jardunaldian, A multzoan, Gernika-Lumoko Jai Alain. Hala, Goikok eta Lekerikak finalaurrekoetarako sailkatzea bermatu dute, eta, berez, multzoko lehen postua ere ziurtatu dute; hortaz, B multzoan bigarren postuan amaitzen duen bikotea izango dute aurkari finalerdi horretan.

Jai Alai, beste behin, jendez lepo izan da, eta giro ikusgarria ibili da pilotalekuan. Zaleek, neurketan, nolabait, bi partida oso desberdin ikusi ahal izan dituzte. Aurrenekoan, lehenengo setean, bi bikoteek izan dute aukera irabazteko, eta Unai Lekerikak erabaki du, markagailua 14na zihoala, horma-biko ederra eginda; bigarren setean, baina, Zumaiako aurrelariak eta Gernika-Lumoko atzelariak berehala hartu dute abantaila argia, eta emozio txikiagoa izan da.

Hala, oreka handia izan da norgehiagokaren hasieran. Lehenengo setean, banako, hirunako, bosnako, zazpinako eta zortzinako berdinketak izan dira. Azken txanpan, hori bai, Goikok eta Lekerikak aurrea hartu dute, 13-9 eta 14-12, eta pentsatzeko modukoa zen jokoa poltsikoratuko zutela; Goitiak eta Basquek ez dute amore eman, eta, erantzun bikaina emanda, 14-14koa ezarri dute. Orduan, Markina-Xemeingo aurrelariak sakea zuela, Unai Lekerikak, erremate oso polita eginda, tanto erabakigarria egin du.

Bigarren jokoan, Goikoetxea eta Lekerika nagusi izan dira, eta argi izan dute jokoa kontrolpean. Bikote garailea 4-0 jarri da, eta, gerora, alde handiak erdietsi ditu (8-1, 12-4). Bigarren set horretan izandako 15-5ekoak, horrenbestez, ondo erakusten du Jai Alaiko kantxan zer gertatu den.

Goikok eta Lekerikak, horrela, multzoko lehen postua dute bermatuta, eta finalaurrekoan bueltatuko dira lehiara. Goitiak eta Basquek bigarren postua izango dute helburu, Olharan-Del Rio eta Erik-Minvielle bikoteekin batera. Gabon Zaharreko egunean, Goitia-Basque eta Olharan-Del Rio arituko dira nor baino nor gehiago, eta partida hori erabakigarria izan liteke.