Itxi

Bilbao Basket

FIBA Europe Cup

Bilbao Basketek ezin izan du bigarren zatian, Miribillan, gehiago izan den Niners Chemnitz aurkari (73-98)

EITB MEDIA

Bilboko taldeak 14 puntuko aldea ere izan du, aurreneko bi laurdenetako hainbat unetan; markagailua 43-29 zihoanean, baina, Alemaniako taldea suspertu egin da, eta bikain jokatu du amaierara arte. FIBA Europe Cupeko finalerdia, hala, oso zail jarri zaio Bilbao Basketi.

  • Adam Smith eta Van Beck, aurrez aurre, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

    Adam Smith eta Van Beck, aurrez aurre, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

Surne Bilbao Basketek 25 puntuko aldeaz galdu du, 73-98, Niners Chemnitz aurkari, asteazkenean, Miribillan, 2023-24 denboraldiko FIBA Europe Cupeko finalerdietako joaneko partidan, Miribillan. Hala, Niners Chemnitzek emaitza bikaina erdietsi du, itzuliko neurketari begira; hori datorren asteazkenean jokatuko dute, apirilaren 3an, 19:00etan, Chemnitzen (Alemania).

Bilbon jokatutako norgehiagokan, bi zati oso desberdin izan dira. Lehenengoan, bigarren laurdeneko seigarren minutura bitartean, Jaume Ponsarnauren taldeak oso ondo jokatu du, asko asmatu du erasoan eta defentsan oso sendo aritu da; hala, Bilbao Basket berehala jarri da aurretik markagailuan, eta erdietsi du aldea itxaropentsu egoteko modukoa izan zedila, kontuan izanik datorren astean kanporaketako bigarren partida dela jokatzekoa. Euskal taldeak 14 puntuko abantaila lortu du, hainbat unetan (23-9, 25-11, 27-13, eta, bigarren laurdenean, 43-29).

Hortik aurrera, baina, Alemaniako taldeak erakutsi du zergatik egiten ari den denboraldi ederra eta zer dela eta dabilen bigarren bere Ligako sailkapenean (Bayern Munich soilik du aurretik). Partidako azken 24 minutuetan, alegia, bigarren laurdeneko seigarren minututik, Niners Chemnitzek 30-69ko partziala ezarri du. Atsedenaldian oraindik zebilen irabazten Bilbao Basket, 46-41, baina argi zegoen aurkaria hobera egiten hasia zela; bigarren zatian, ordea, Bilbao Basketek ezin izan du erantzunik eman.

Hamabosna puntu sartuta, Sacha Killeya-Jones eta Kristian Kullamae nabarmendu dira, Bilbao Basketen aldetik, erasoan; Tryggvi Hlinasonek 11 puntu sartu eta sei errebote hartu ditu, eta bera ere aritu da ondo. Niners Chemnitzi dagokionez, DeAndre Lansdownek, 24 minututan, 22 puntu sartu ditu, eta Jeffery Garrett bikain ibili da bai erasoan baita defentsan ere, 14 puntu egin eta 10 errebote hartu baititu.

Fitxa teknikoa

73 - Surne Bilbao Basket (29+17+12+15): Renfroe (1), Kullamae (15), Reyes (7), Andersson (8) eta Killeya-Jones (15) -hasierako boskotea-; Pantzar (8), Adam Smith (2), Hornsby (6), Rabaseda eta Hlinason (11).

98 - Niners Chemnitz (16+25+30+27): Lansdowne (22), Lockhart, Uguak (8), Garrett (14) y Krubally (12) - hasierako boskotea - Kajami-Keane (10), Van Beck (9), Ongwae (6), Yebo (17) eta Richter.

Partzialak: 29-16, 46-41 (atsedenaldia); 58-71 eta 73-98 (azken emaitza).

Epaileak: Martin Vulic (Kroazia), Gintaras Maciulis (Lituania) eta Peter Praksch (Hungaria). Niners Chemnitzeko Krubally kanporatu dute, 38. minutuan, bost falta adierazita.

Gertakizunak: FIBA Europe Cupeko finalerdietako partida. Miribillako Bilbao Arenan jokatu dute, eta 7.593 zale izan dira bertan.