Itxi

Bilbao Basket

Ez du taldean jarraituko

Alex Reyesek ez du Bilbao Basketen jarraituko

EITB MEDIA

Hegalekoak, 30 urtekoa bera, azken lau denboraldiak eman ditu Bizkaiko taldean. 165 partida jokatu ditu, guztira; klubaren historian neurketarik gehien jokatu dituzten jokalarien zerrendan, zazpigarren postuan dabil.

  • Alex Reyes, 22022-23 denboraldiko partida batean. Argazkia: EFE.

    Alex Reyes, 22022-23 denboraldiko partida batean. Argazkia: EFE.

Alex Reyes hegalekoak ez du Surne Bilbao Basketen jarraituko, asteazkenean Bilboko klubak iragarri duenez. Reyesek, 30 urtekoa bera, azken lau denboraldiak eman ditu Bizkaiko taldean. 165 partida jokatu ditu, guztira; klubaren historian neurketarik gehien jokatu dituzten jokalarien zerrendan, zazpigarren postuan dabil.

"'Men In Black' izenekoen elastikoa lau urtez defendatu ostean, Alex Reyesek ez du Bilbao Basketen jarraituko", eman du jakitera klubak, hegalekoaren gainean; Endesa Ligako 133 partida ditu jokatuta, eta Europako txapelketako 32. Agurrean, Bilbao Basketek bere esker ona azaldu dio jokalariari, "izan duen inplikazioagatik eta lan egiteko erakutsitako gaitasunagatik. Bi balio horiek oso garrantzitsuak izan dira denboraldi bakoitzeko helburuak gauzatze aldera".

"Kantxa alde batera utzita", jarraitu du klubak, "eskerrak eman nahi dizkiogu Alexi haren giza kalitateagatik, eta marea beltzarekiko erakutsi duen gertutasunagatik. Halaber, nabarmendu nahi dugu prest izan dela parte hartzeko klubaren konpromisoetan. Profesional bikaina izateaz gain, pertsona bikaina ere bazara. Oroitzapen bikaina utzi duzu. Hau beti izango da zure etxea. Zure falta sentituko dugu".

Azken egunetan, Alex Reyes kenduta, Bilbao Basketek iragarri du beste jokalari batek ere ez duela Jaume Ponsarnauren esanetara jarraituko: Georgios Tsalmpouris hegaleko-pibot greziarrak, hain zuzen ere.