Itxi

Baskonia

Euroliga

CSKAk aurreneko partida irabazi du, aise (89-78)

Erredakzioa

Ettore Messinaren taldea jaun eta jabe izan da, eta Baskoniaren jokoa erabat aldatu beharko da ostiralean, final-laurdenetako bigarren neurketan, garaipena eskuratu nahi badu.

1:05

Merezitako garaipena lortu du CSKA Moskuk Caja Laboralen aurka (89-78), Euroligako final-laurdenetako lehen partidan. Etxekoak izan dira nagusi, hasieratik.

Eroso jokatu du Moskuko taldeak lehen laurdenean, presarik gabe eta erritmo bikaina jarriz (26-19). Baina Baskoniak, berdez jantzita, ez du hasieratik amore eman nahi izan, eta lanean jarraitu du. Milko Bjelicak eman dio aurreneko hirukoa Caja Laborali, 9. minutuan.

Teodosic eta Kaun izan dira erabakigarriak etxeko taldean. Ettore Messinaren taldeak erraz apurtu du Baskoniaren defentsa, eta atsedenaldian hamabost puntuko abantaila zuen (50-35). Lehen zatian, CSKAren dohainak eta indarra nagusitu dira.

Onerako aldatu da gasteiztarren jarrera, hirugarren laurdenean. Nocioni, Milko eta Pleiss jokalariek bizirik mantendu dute baskoniarren itxaropena, baina markagailuari buelta emateak ezinezkoa zirudien. 73-58, hirugarren laurdenaren amaieran.

Partida erabat erabakita zegoen azken hamar minutuetarako, baina, dena den, Baskoniarentzat izan da partziala (16-20). Sonny Weems izan da norgehiagokaren saskiratzaile nagusia, 19 puntu eginda.

Final-laurdenetako bigarren partida Moskun jokatuko da berriro ere, ostiral honetan 18:00etatik aurrera, eta eitb.com-ek eta ETB-1ek zuzenean eskainiko dute. Baskoniaren jokoa erabat aldatu beharko da garaipena eskuratu nahi badu.

Fitxa teknikoa:

CSKA Mosku: Teodosic (17), Kaun (16), Weems (19), Khryapa (7) eta Krstic (16)--hasierako bostekoa-- Jackson (-), Micov (9), Papaloukas (-), Sokolov (-), Ponkrashov (-), Erceg (5) eta Vorontsevich ().

Caja Laboral: San Emeterio (2), Cook (-), Nocioni (16), N.Bjelica (9) eta Lampe (12)--hasierako bostekoa-- Causeur (17), Heurtel (4), Jelinek (2), M.Bjelica (10) eta Pleiss (6).

Partzialak: 26-19, 24-16, 23-23, 16-20.