Itxi

Baskonia

Ospitalean dago

Lamar Odom konorterik gabe aurkitu dute Las Vegaseko burdel batean

Agentziak | Erredakzioa

Laboral Kutxa Baskoniako eta Los Angeles Lakerseko jokalari ohia Nevadako putetxe batean sartu zen iragan larunbatean, eta gaur aurkitu dute bi eguneko jaia egin ondoren.

0:58

Lamar Odom Los Angeles Lakerseko eta Laboral Kutxa Baskoniako jokalari ohia Las Vegaseko ospitale batera eraman behar izan dute, Hoff's Love Ranch South jai pribatuetarako burdelean konorterik gabe topatu ondoren, bertako Poliziak kazetariei jakitera eman dienez.

TMZ.com webgunea albistearen berri ematen aurrena izan da, baina horretarako iturririk aipatu gabe. ?Odom bizirik ateratzeko borrokan? ari dela zehaztu du komunikabideak.

Bestalde, Eonline.comek TMZ.comen informazioa berretsi du, baina 35 urteko Odom ospitalera eraman dutela jakinarazi du soilik.

Lakerseko jokalari ohia Dennis Hoff's Love Ranch South Pahrumpeko (Nevada) putetxean sartu zen iragan larunbatean, eta gaur goizean zerbitzari batek konorterik gabe topatu dute bere logelan bi eguneko jaia egin ondoren.

Likidoa ahotik

Kazetarien iturriek zehaztu dutenez, putetxeko langileek Poliziari abisua berehala eman diote eta larrialdi zerbitzuetako telefono-operadoreak emandako argibideei jarraituz Odom alboz etzan dute, eta ahotik likidoa botatzen hasi da.

E! Newsek jakitera eman duenez, Odomek Viagra hartu du burdelean, baina edari alkoholikoak eta drogak logelan aurkitu dituztenik ez du baieztatu.

Aurrekariak ditu

Odom Pau Gasolen taldekidea izan zen Lakersen eta NBAko bi eraztun irabazi zituen talde horrekin. Alkoholarekin eta drogekin zituen arazoak konpontzeko errehabilitazio zentro batean sartu zen 2013an.

Aurretik, Odom mozkortuta gidatzeagatik atxilotu zuten. Gainera, drogak hartu zituela onartu zuen Lakerseko jokalari ohiak. NBAren antidopin politika bi aldiz urratu zuen 2001ean.

Saskibaloia 2013an utzi zuen Odomek, azken denboraldia Los Angeles Clippersen jokatu ondoren. 1999an debuta egin zuen talde horretan drafteko laugarren tokian aukeratu ostean.

14 denboraldi eman zituen profesionaletan. 13,3 puntuko eta 8,4 erreboteko batez bestekoa lortu zuen. Telebistako ?reality? saioetan ere zeresana eman zuen, Khloe Kardashian ezkonduta egon zen lau urteetan.