Itxi

Baskonia

95-63

Baskoniak aise irabazi dio Fuenlabradari eta bigarren postuan kokatu da

eitb.eus

Arabako taldeak 95-63 irabazi dio Montakit Fuenlabradari Buesa Arenan, Endesa Ligari dagokion 24. jardunaldiko partida.

4:53

Baskoniak 95-63 irabazi dio Montakit Fuenlabradari Buesa Arenan. Partida oso ona jokatu du Baskoniak eta jaun eta jabe izan da hasieratik amaieraraino. Gasteizko taldea Endesa Ligako sailkapeneko bigarren postuan da Bartzelonarekin berdinduta, baina averagea alde duela, eta garaipen bateko abantaila du laugarren postuan den Valentziarekiko.

Neurketako lehen saskiratzea Fuenlabradak lortu du, eta hirukoa izan da (0-3), baina Baskoniak azkar erantzun eta 6 puntuko abantaila lortu du (11-5). Minutuak pasa ahala, etxeko taldearen nagusitasuna nabarmenagoa izan da, eta Baskoniak 8 puntuko errenta (22-14) lortu du lehen hamar minutuen amaieran.

Bigarren laurdenean, Arabako taldeak erakustaldia eman du. Montakit Fuenlabrada ezinean ibili da Pedro Martinezek zuzentzen duen taldearen aurrean. Baskoniak defentsa sendoa egin eta erasoan asko asmatu du. Ondorioz, 50-27ko emaitzarekin iritsi da partida atsedenaldira.

Atsedenaldiaren ostean, Baskonia ez da erlaxatu eta ez dio aldeak murrizteko aukerarik eman Fuenlabradari. Madrileko taldea saiatu da aurkariari min egiten, baina Baskonia ez da opariak egiteko egon. Arabako taldeak 29 puntuko abantaila eskuratu du hirugarren laurdenaren amaieran (73-44).

Amaierako hamar minutuetarako dena erabakita egon da. Baskoniak aise eutsi dio hirugarren laurdenean lortutako abantaila handiari eta ez du arazorik izan garaipena lortzeko, 95-63ko emaitzarekin.

Fitxa teknikoa:

95 - Baskonia (22+28+23+22): Granger (4), Janning (8), Timma (8), Voigtmann (12) eta Diop (8) -hasierako bostekoa-, Beaubois (11), Poirier (15), Vildoza (7), Shengelia (15), Garino (7) eta Malmanis (-).

63 - Montakit Fuenlabrada (14+13+17+19): Vargas (2), Popovic (12), Eyenga (5), Smits (13) eta Olaseni (-) -hasierako bostekoa-, Rupnik (8), Cruz (7), O'Leary (5), Llorca (2), Karnowski (6) eta Llorente (3).

Epaileak: Carlos Peruga, Francisco Araña, Raul Zamorano. Diop kanporatu dute 39. minutuan.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Saskibaloia