Itxi

Baskonia

87-85

Baskoniak bigarren postuari eutsi dio, UCAM Murtziari irabazita

eitb.eus

Arabako taldeak 87-85 irabazi dio talde murtziarrari Buesa Arenan. Asko sufrituta lortu du garaipena Kirolbet Baskoniak eta Endesa Ligako bigarren postuan mantentzen da.

Kirolbet Baskoniak 87-85 irabazi dio UCAM Murtziari Buesa Arenan Endesa Ligako 30. jardunaldiko partida. Asko sufrituta lortu du garaipena Gasteizko taldeak eta sailkapeneko bigarren postuari eutsi dio.

Partidako lehen minutuak parekatuak izan dira, eta Baskoniari kosta egin zaio markagailuan zuloa irekitzea. Lehen laurdenaren erdialdetik aurrera hasi da Baskoniaren nagusitasuna nabarmentzen eta 9 punturainoko abantaila izan du (26-17). Arabako taldeak 7 puntuko errenta lortu du lehen hamar minutuen amaieran (26-19).

Bigarren laurdenaren hasieran, ordea, UCAM Murtzia bizi atera da, eta Baskonia baino gehiago izan da lehen txanpan; ondorioz, aurrea hartu du talde bisitariak (26-27). Murtziako taldearen hasiera bikainak Baskoniaren erreakzioa ekarri du; Arabako taldeak defentsa sendotu du, eta erasoan gehiago asmatu du. Gauzak horrela, Baskonia aurkaria baino gehiago izan da, eta 6 puntuko abantailarekin (47-41) iritsi da atsedenaldira.

Atsedenaldiaren ostean, Baskonia nagusi izan da. Pedro Martinezek zuzentzen duen taldeak oso ondo ekin dio hirugarren laurdenari eta abantaila handiak lortu ditu. UCAM Murtziak ezer gutxi egin ahal izan du Arabako taldearen nagusitasunaren aurrean eta Baskoniak 9 puntuko abantailarekin ekin dio azken laurdenari (68-59).

Amaierako laurdena oso arraroa izan da. Baskoniak kontrolpean izan du neurketa abantaila handiekin, 13 punturainoko abantaila izan duelarik (81-68). Amaierarako minutu baten faltan, 6 puntura murriztu du desabantaila UCAM Murtziak (85-79) eta 28 segundoren faltan 2 puntura hurbildu da UCAM (87-85). Gainera, talde bisitariak azken jabetza izan du, baina Baskoniaren zorionerako ez du asmatu eta garaipena Gasteizen geratu da.

Fitxa teknikoa:

87 - Kirolbet Baskonia (26+21+21+19): Huertas (10), Beaubois (6), Timma (4), Shengelia (28) eta Poirier (9) -hasierako bostekoa-, Vildoza (10), Diop (2), Voigtmann (5), Janning (13) eta Garino (-).

85 - UCAM Murtzia (19+22+18+26): Hannah (15), Oleson (7), Rojas (-), Soko (12) eta Tumba (4) -hasierako bostekoa-, Álex Urtasun (5), Kloof (4), Delía (9), Lima (8), Benite (17) eta Faverani (4).

Epaileak: Carlos Cortes, Vicente Bulto eta Carlos Sanchez Monserrat. Kloof  kanporatu dute (min. 38) bost falta egiteagatik.