Itxi

Baskonia

MARKA HISTORIKOA

Codi Miller-McIntyrek Euroligako asistentzia marka hautsi du, 20 asistentzia emanda

O. Z. A. | EITB MEDIA

Estatubatuarrak partida gogoangarria jokatu du ostegunean Asvel Villeurbanneren aurka. Txapelketaren historiako laugarren hiru doblea erdietsi, eta Euroligako asistentzia-marka historikoa hobetu du.

  • Codi Miller McIntyre, Euroligako Asvel Villeurbanneren aurka jokatutako neurketan. ARGAZKIA: EFE

    Codi Miller McIntyre, Euroligako Asvel Villeurbanneren aurka jokatutako neurketan. ARGAZKIA: EFE

Codi Miller-McIntyrek Euroligako asistentzia marka historikoa hautsi du ostegunean Asvel Villeurbanne Lyongo taldearen aurkako neurketan, 20 asistentzia emanda. Joko-antolatzaile estatubatuarrak Stefan Jovic eta Facundo Campazzoren marka gainditu du, eta txapelketaren historiako laugarren hiru doblea egin du (11 puntu, 11 errebote eta 20 asistentzia) eta lau dobletik gertu geratu da (zortzi falta jaso ditu). Horrela, 42ko balorazioarekin amaitu du osteguneko partida.

Baskoniaren marka historikoa ere hautsi du, 1991tik Pablo Lasoren esku zegoena, 17 asistentziarekin. Euroligan, gasteiztarren marka Darius Thompsonen esku zegoen, iaz Anadolu Efesen aurka 16 asistentzia eman baitzituen.

Miller-McIntyre izan da aste honetan Euroligako partidako izarra, eta Gasteizko taldeak nagusitasunez menderatu du Asvel Villeurbanne (94-80).