Itxi

Baskonia

Euroliga

Baskoniak Euroligan hirugarren aldiz jarraian galdu du, Anadolu Efes aurkari (76-97)

EITB MEDIA

Ondorioz, Gasteizko taldeari zaildu egin zaio "play-in" faserako sailkatzeko aukera. Baskonia hasieratik ibili da deseroso, baina bizirik iritsi da atsedenaldira (45-49); bigarren zatian, baina, Anadolu Efesek, Shane Larkin Baskoniako jokalari ohiak gidatuta, ez du inolako aukerarik eman.

  • Marinkovic, Larkinen aurrean, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

    Marinkovic, Larkinen aurrean, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

Baskonia galtzaile atera da Anadolu Efes aurkari, 76-97, Buesa Arenan, ostegun gauean, 2023-24 denboraldiko Euroligako fase erregularreko hogeita hamabigarren jardunaldian. Hala, Gasteizko taldea, fase erregular hori amaitzeko bi partida gelditzen direla eta 16 garaipen eskuratuta, sailkapeneko bederatzigarren postuan dabil, alegia, "play-in" izenekoaren postuan, baina zaildu egin zaio txapelketan jarraitzea. Baskoniak irabazi izan balu, bermatuta izango zuen "play-in" horretan izateko txartela.

Aurtengo Euroligako fase erregularrean Buesa Arenan jokatzeko zuen azken norgehiagokan, Baskoniak ez dio ondo ekin partidari, eta hasieratik ibili da deseroso. Nolanahi ere, euskal taldeak ahalmena izan du lehiatzeko, kontuan izanik atsedenaldiko emaitza 45-49koa zela. Hirugarren laurdena izan da giltzarria; izan ere, horretan Anadolu Efesek 8-28ko partziala ezarri du, eta garaipena guztiz bideratu du.

Lehen laurdena amaituta, Turkiako taldeak hamar puntuko aldea zuen (22-32). Baskonia ez zebilen sendo defentsan, baina bigarren laurdenean, ordea, hobeto ibili da erasoan, eta, azken jokaldietan susperraldia burututa, lau puntuz atzetik joan dira Ivanovicen gizonak aldageletara. Ez zen albiste ona, baina, Baskoniak 49 puntu jaso izatea lehen zatian, eta pentsatzeko modukoa zen hori izan zitekeela partidako gakoa: Arabako taldeak Shane Larkin, Will Clyburn edo Ercan Osmani estutu behar zituen, horiek min handia egiten ari baitziren. Bereziki Larkinek, Baskoniako jokalari ohiak partida bikaina egin baitu.

Arestian esan bezala, hirugarren laurdenean zehaztu da zein taldek irabaziko zuen. Istanbuleko taldea askoz gehiago izan da, eta 53-77 amaitu da hirugarren laurden hori. Helburu bakarra zuen Baskoniak azken laurdenerako, eta zen basketaverage izenekoa alde jartzea (lehen itzulian, Baskonia 80-87 nagusitu zen Turkian), baina ezinezkoa izan da. 76-97 bukatu da neurketa, eta Baskoniak hiru partida daramatza irabazi ezinik Euroligan. Azken bi jardunaldietan, Real Madrilen eta Virtus Boloniaren etxeetan jokatuko dute Ivanovicen gizonek.

Fitxa teknikoa

76 - Baskonia (22+23+8+23): Chiozza (2), Howard (15), Marinkovic (5), Sedekerskis (4) y Kotsar (8) -hasierako bostekoa-, Díez (-), Rogkavopoulos (12), Miller-McIntyre (13), Costello (8) eta Moneke (9).

97 - Anadolu Efes (32+17+28+20): Larkin (28), Hollatz (4), Clyburn (20), Osmani (15) y Pleiss (5) -hasierako bostekoa-, Beaubois (5), Jones (8), Oturu (3), Bryant (-), Thompson (7), Willis (2) eta Yilmaz (-).

Epaileak: Sreten Radovic (Kroazia), Uros Nikolic (Serbia) eta Saso Petek (Eslovenia). Ez dute inor kanporatu. Falta teknikoa adierazi diote Dusko Ivanovici, 27. minutuan.

Gertakizunak: Euroligako 32. jardunaldiko partida, Gasteizko Fernando Buesa Arenan. 10.816 zale izan dira bertan.