Itxi

Baskonia

Euroliga

Baskoniak Euroligako play-offa jokatuko du, Virtus Bolonia mendean hartu eta gero (89-77)

EITB Media

Baskoniak partida oso ona jokatu du Virtus Boloniaren aurka, eta nagusi izan da hirugarren laurdenetik aurrera. Final-laurdenetan Real Madril izango du aurkari.

  • Baskoniako jokalariak, Euroligako play-offean izango direla ospatzen. Argazkia: EFE

    Baskoniako jokalariak, Euroligako play-offean izango direla ospatzen. Argazkia: EFE

Baskoniak 89-77 irabazi dio Virtus Boloniari, eta, ondorioz, Euroligako play-offerako azken txartela eskuratu du. Final-laurdenetako kanporaketan, Real Madrilen aurka neurtuko ditu indarrak Gasteizko taldeak. Dusko Ivanovicen taldeak partida bikaina egin du, eta jaun eta jabe izan da hirugarren laurdenetik aurrera.

Bi taldeek asko zuten jokoan, eta, hori dela eta, norgehiagoka oso parekatua izan da hasieran. Hala, lehen laurdena 21-22 amaitu da, italiarren alde. Bigarren laurdena ere ildo beretik joan da, eta Baskonia eta Virtus berdinduta iritsi dira atsedenaldira (41-41).

Aldagelatik bueltan, Dusko Ivanovicen gizonek aurrerapausoa eman, eta 22-6ko partziala lortu dute, Virtus gogor kolpatuta. Hirugarren laurdenean, erabat gailendu da etxeko taldea, 15 puntuko abantaila eskuratuta (72-57), eta, ondorioz, bideratuta utzi du kanporaketa.

Luca Banchiren taldeak dena eman du azken laurdenean, eta markagailuari buelta ematen ahalegindu da, baina etxeko taldeak mailari eutsi dio, lanean sendo jarraitu du eta abantailari azkeneraino eusteko gai izan da, Virtus Bolonia 89-77 menderatzeko.

Gauzak horrela, Baskoniak helburua bete du, eta Euroligako final-laurdenetan izango da. Datorren asteartean, Real Madrilen aurka jokatuko du.