Itxi

Saskibaloia

58-64

Espainiak galdu egin du Eurobasketeko finala Belgikaren aurka

AGENTZIAK | EITB MEDIA

35 minutuz nagusi izan ostean, espainiarrak erasoan trabatu dira eta aukerarik gabe geratu dira 30 segundoren faltan.

  • Espainia 58-64 Belgika

    Espainia 58-64 Belgika. Argazkia: EFE

Espainiako emakumezkoen saskibaloi selekzioak galdu egin du (58-64) 2023ko Eurobasketeko finala Belgikaren aurka, Ljubljanako Arena Stozice estadioan, 35 minutuz nagusi izan ostean.

Norgehiagoka berdinduta hasi da. Alba Torrens izan da Espainiaren saskiratzaile nagusia, eta Raquel Carreraren jokoak eta indarrak eman diote abantaila markagailuan hasieran (12-6).

Espainiarrek abantaila handitu dute, eta ondo kudeatzen jakin dute, atsedenaldira errenta oparoarekin iristeko (32-25).

Aldagelatik itzulitakoan, Belgika presionatzen hasi da eta norgehiagoka estutzen hasi da, baina Espainiak ihes egin du berriro uztai azpian saskiratze onak lortuta (44-36).

Ondoren, baina, Espainia erasoan trabatu da eta errebotean egindako lan onak ez du atakatik atera. Azkenean, Meessemanen hiruko batek Belgika aurretik jarri du (54-55).

Mendezen neskak presaka hasi dira orduan, eta, 30 segundoren faltan, azken bala jokatu dute, baina ez zaie ondo atera, eta Espainia aukerarik gabe geratu da.

 

Fitxa teknikoa

58 - Espainia (17+15+16+10): Cazorla (3), Casas (14), Torrens (8), Gil (4) eta Carrera (12); Domínguez (-), Ginzo (10), Ouviña (-), Quevedo (-) eta Rodríguez (7).

64 - Belgika (13+12+18+21): Allemand (9), Vanloo (13), Delaere (-), Meesseman (24) eta Linskens (18); Becky Massey (-), Mununga (-), Lisowa Mbaka (-) eta Resimont (-).

Epaileak: Forsberg (DAN), Liszka (POL) eta Baldini (ITA). Ez dute inor kanporatu.