Itxi

Saskibaloia

EuroCup

Lointek Gernikak ez du aukerarik izan Londresen (87-59), eta EuroCupetik kanpo gelditu da

EITB MEDIA

London Lions, Malosten joaneko partidan 69-76 irabazita, nagusi izan da final zortzirenetako itzuliko neurketan. Hala, Lucas Fernandezen taldea txapelketatik at geratu da.

  • Lointek Gernikako jokalari batzuk, partidako une batean. Argazkia: EITB Media.

    Lointek Gernikako jokalari batzuk, partidako une batean. Argazkia: EITB Media.

Lointek Gernika Bizkaia EuroCupetik kanpo gelditu da, ostegunean, Londresen London Lions taldearen aurka 87-59 galduta, final zortzirenetako kanporaketako itzuliko partidan. London Lions, Malosten joaneko neurketan 69-76 irabazi ostean, nagusi izan da itzuliko norgehiagokan, eta, hala, Lucas Fernandezen taldea txapelketatik at utzi du.

Testuinguru horretan, hasieratik gelditu da argi joaneko markagailua iraultzea oso zaila izango zela Lucas Fernandezen taldearentzat; izan ere, etxekoak 8-0 jarri dira aurretik, Samuelsonek bi hiruko sartuta, eta, handik gutxira, partidako bosgarren minutuan, London Lions 22-7 ari zen gailentzen.

Lehen laurdena 28-14 amaitu da, eta euskal taldea saiatu da hamar puntuko desbantaila horri eusten, Milapiek bultzatuta (30-19), baina London Lionsek nagusitasuna erakutsi du, Fagbenleri eta Megan Gustafsoni esker.

Atsedenaldian, markagailua 47-31 zihoan, eta, gerora, Lointek Gernikak 0-9ko partziala jarri du, zazpi puntura kokatuta (47-40); Erresuma Batuko taldeak, baina, berriro egin du aurrera, eta hirugarren laurdena 64-51 bukatu da. Azken zatian, London Lionsek, berriro ere, asmatu egin du, eta, azkenean, 87-59 gailendu da; horrela, Lointek Gernikak ez du final laurdenetarako sailkatzerik izan.

Fitxa teknikoa

87 - London Lions (28+19+17+23): Winterburn (6), Katanic (9), Samuelson (15), Snytsina (12) eta Fagbenle (16) -hasierako taldea-; Beckford-Norton (7), Gustafson (8), Meyers (6), Wilkinson (6), Endean (2) eta Cox.

59 - Lointek Gernika Bizkaia (14+17+20+8): Laia Flores (7), Buch (11), Watts, Milapie (13) eta Silva (2) -hasierako taldea-; Ariztimuño (5), Nikitinaite (11), Alberdi (3), Dodson (4) eta Madera (3).

Partzialak: 28-14, 47-31 (atsedenaldian), 64-51 eta 87-59 (azken emaitza).

Epaileak: Alin Faur (Errumania), David Tomasson (Islandia) eta Tom de Lange (Belgika). Ez dute jokalaririk kanporatu.

Gertakizunak: EuroCupeko final zortzirenetako itzuliko partida, Londreseko Cooper Box Arenan.