Itxi

Saskibaloia

Emakumezkoen Endesa Liga

Araskik irabazi egin du, eta Lointek Gernikak eta IDK Euskotrenek, berriz, galdu

EITB MEDIA

Gasteiztarrak 48-78 gailendu dira azken sailkatuaren etxean; bizkaitarrek, berriz, Cadi La Seuren etxean galdu dute, eta gipuzkoarrek beste horrenbeste egin dute, Gascan, Valentzia Basketen aurka.

  • Bembribe-Araski partida

    Bembribe-Araski partida. Iturria: Araski

Kutxabank Araskik ez du hutsik egin Emakumezkoen Endesa Ligako 21. jardunaldian Bembibre taldearen etxean jokatutako partidan. Made Urietaren jokalariek hasieratik amaiera arte menderatu dute neurketa, eta lehen laurdenean 11 eta 19 aurreratu dira. Atsedenaldirako, aldea murriztu dute aurkariek (27-33), baina hirugarren laurdenean arabarrek agerian utzi dute berriro euren nagusitasuna (32-53).

Azkenean, 30 puntuko aldearekin nagusitu dira gasteiztarrak, 48-78, norgehiagokako alderik handiena partidaren amaieran lortuta. Tamara Seda izan da arabarren saskiratzailerik onena, 19 punturekin. Emaitza horrekin, Araski hamargarren dago sailkapenean, 9 garaipen lortuta.

Lointek Gernikak, berriz, ezin izan du irabazi Cadi La Seuren etxean jokatutako partida. Kataluniarrek gertuago dituzte jaitsiera postuak play-offetakoak baino, baina azkenaldian egindako fitxaketek eragina izan dute, eta 9 puntuko aldearekin gailendu zaizkie bizkaitarrei (68-59). Aldea zabalagoa izan da atsedenaldian, 14 puntukoa (39-25).

Lointek sailkapenaren erdiko aldean jarraitzen du, 11 garaipen eskuratuta.

Bestalde, Josean Gascan, IDK Euskotrenek ezin izan du Valentzia Basket liderra mendean hartu. Donostiarrek ausart jokatu dute eta gauzak zail jarri dizkiete aurkariei.

Bigarren laurdenean egindako 12-23ko partzialak aldapan gora jarri die partida donostiarrei, baina hirugarrenean neurketan sartu dira berriro. Azkenean, baina, valentziarrak gehiago izan dira, eta 63 eta 70 gailendu dira.