Itxi

Txirrindularitza

Apirilak 29 - MaiatzaK 4

Romandiako Itzulia, Giroaren eta Tourraren atariko handia

Erredakzioa

Mikel Nieve, Beñat Intxausti eta Ion Izagirre faborito nagusiak ezustean harrapatzen saiatuko dira. ETBk eta eitb.com-ek zuzenean emango dute lasterketa.

  • Chris Froome iazko irabazlea da faborito nagusietako bat. Efe.

    Chris Froome iazko irabazlea da faborito nagusietako bat. Efe.

Romandiako Itzulia Italiako Giroaren eta Frantziako Tourraren aurretik lehiatzen den azken proba garrantzitsua da. Lasterketa suitzarra apirilaren 29an hasi eta maiatzaren 4an bukatuko da. ETBk eta eitb.com-ek zuzenean emango dute proba.

Romandiako Itzuliaren mailak gora egin du azken urteetan, batez ere partehartzaileen mailari eta txirrindularitza munduan duen oihartzunari dagokionez. Azken hiru edizioetako garaileek urte bereko Frantziako Tourra ere irabazi dute:  Cadel Evans (2011), Bradley Wiggins (2012) eta Chris Froome (2013).

Froome da, hain zuzen, faborito nagusia, baina zalantza ugari daude britainiarraren inguruan. Izan ere, lesioen eraginez, hilabete luze darama lehiatu ezinda, eta horrek zalantza ugari sortu ditu bere sasoiaren eta sei eguneko lehiari aurre egiteko ahalmenaren inguruan.

Froomen zalantzei etekina ateratzen saiatuko direnen artean Michael Kwiatkwoski (Omega Pharma-Quick Step) dago. Bera da beste faboritoetako bat eta bere momenturik onenean iritsiko da Romandiara.

Rui Costa (Lampre-Merida) munduko txapelduna ere lehian izango da. Portugaldarra gustura aritzen da Suitza aldean eta Suitzako Itzuliko azken bi edizioak irabazi ditu.

Aurten erlojuaren kontrako lehiak garrantzi berezia izango duela kontuan izanda, Tejay van Garderen (BMC) eta Roman Kreuziger (Tinkoff Saxo) kontuan izateko txirrindulariak izango dira.

Nieve, Intxausi eta Izagirre

Beste izen handi batzuk ere lehiatuko dira Romandian: Carlos Betancur (AG2R-La Mondiale) eta Rigoberto Urán (Omega Pharma-Quick Step) kolonbiarrak, Richie Porte (Sky), Rafal Majka (Tinkoff-Saxo), Ivan Basso (Cannondale), Jean-Christophe Peraud (AG2R-La Mondiale), Simon Spilak (Kathusa), Thibaut Pinot (FDJ), Jacob Fuglsang (Astana) edo Andy Schelck (Trek Factory Racing).

Euskal ordezkarien artean, Mikel Nieve, Beñat Intxausti eta Ion Izagirre dira garaipenen bat lortzeko aukera gehien dituztenak.