Itxi

Txirrindularitza

Romandiako Itzulia

Kwiatkowski da lehen liderra, atarikoa irabazita

Erredakzioa

Omega-Pharma taldeko poloniarra onena izan da lehen jardunaldian, Rohan Dennisen eta Marcel Kittelen aurretik. Denboraldiko seigarren garaipena lortu du.

1:15

Michal Kwiatkowski (Omega Pharma-Quick Step) poloniarrak irabazi zu Romandiako Itzuliko 5,6 kilometroko atarikoa eta, ondorioz, lasterketako liderraren jertsea jantzi su. Txirrindularia sasoiko da, eta denboraldiko seigarren garaipena erdietsi du.

Kwiatkowski (1990) lehenengoen artean atera da eta bukaeran lehen postuari eutsi dio. Tony Martin taldekideak ere ezin izan du bera gainditu. Martin bosgarren sailkatu da.

10 txirrindularik ibilbide erdian poloniarrak baino denbora hobea egin duten arren, Kwiatkowskik galdutako aldea berreskuratu du eta nagusi izan da. Irabazleak baino lau segundo gehiago behar izan dituzte Dennis (Garmin-Sharp), Kittel (Giant-Shimano) eta Nizzolo (Trek) txirrindulariek, atarikoaren ibilbidea betetzeko.

Gainontzeko faboritoei dagokienez, Froome 13. postuan geratu da, 10 segundora, Nibali 18.ean 12 segundora, Spilak 22.ean, Urán 24.ean, Rui Costa 35.ean, Talansky 36.ean, Pinot 46.ean, Basso 60.ean, Peraud 66.ean, Porte 68.ean... eta Van Garderen 151ean izan da, atarikoko azkena, 3' 21''-eko denbora eginda, erorikoa izan ostean.

Asteazkenean lehen etapa lehiatuko dute, baina ibilbidea 100 kilometro murriztea erabaki dute antolatzaileek, euria eta elurra aurreikusita daudelako.

Lehen etapa: laburragoa, elurraren ondorioz

Etapa Asconan hasi eta Sionen amaitzekoa zen. 200,9 kilometro bete behar zituzten, baina antolatzaileek erabakitakoaren ondorioz, irteera 15:00etan izango da, hasierako ibilbidearen 100. kilometroan.

Beraz, ez dute Simplon mendatea igoko, gailurra elurtuta dagoelako 2.000 metroko altueran. ETBk eta eitb.com-ek zuzenean emango dute lasterketa.